
Aspaldi utzia nuen argazkigintza. Argazkiak egitean arreta jartzea, esan nahi dut; mugikorrak eguneroko irudi azkarrak modu pasablean egiten dituenetik (beste arrazoi askoren artean, seguru), kosta egin zait argazkiak bakarrik egiten dituen gailu bat gainean eramateko konbentzitzea nire burua.
Gustatzen zait argazkiak egitea. Gustatzen zait argazkiak bakarrik egiten dituen gailu batean arreta jartzea argazkiak egiteko. Argazki kamera digital manualen kontua zaharkituta genuen, gure lehen Canon EOS 350D erdi-hondatu zenetik (eta lehen esan bezala mugikorrak argazki pasableak egiten dituenetik). Hori guztia hor zebilen, nire kontzientziaren geruza sakon batean nonbait. Eta erritmoa pausatzeko beharra (horrela, orokorrean), baita ere. Eta egin nahi ditudan gauzei espazioa (mentala, denborazkoa, fisikoa) emateko beharra.
Eta horretan nengoela topatu nintzen Elena Rossiniren bidalketa batekin: fedibertsoa, software librea, techbroen maskulinitatea eta hiru argazki kamera bildu zituen, dena mezu bakarrean! Eta liatu nuen nire burua: argazki kamera erosi dut, bigarren eskuko Fujifilm X-T3 bat.

Beraz, esan dezaket: itzuli naiz argazkigintzara. Argazkigintza esaten dudanean, ez da bakarrik argazkiak egitea: ingurura begiratzeko modu bat da, pausatuagoa, arreta gehiago jartzen duena. Egoteko modu bat. Orokortu nahiko nukeen egoteko modu bat, bide batez; beste pauso batzuk ere ematen ari naiz norabide horretan, baina argazkigintza berreskuratzea da bat.
Ohitura berri hau finkatu nahi dut, eta herri-jakintzak baditu horren gaineko pildora oso argi batzuk: ez utzi bat-batekotasunari, ez fidatu borondatearekin bakarrik, prestatu, ez egin bakarrik. Eta horretarako proposamen batekin nator.
Prestaketa lana antolatzeko argazkiak egiteko ideia bildumak bilatzen aritu naiz eta aurkitu ditut erronkak eta argazkia egiteko gai-zerrenda luzeak. Batetik eta bestetik hartutako ideiekin, ausazkotasun pixka batekin nahastuta, osatu dut #52argazki erronka: astero, ausaz ateratako gaiaren inguruko argazki bat egitea, 52 asteetan zehar (urtebetez).
Laburbilduz:
- Ostiralero (asteburuan gai berriari heltzeko denbora gehiago egon daitekeelakoan) argazkia egiteko gaia jarriko dut Mastodonen1 (lehenak programatuta dagoeneko)
- Astean zehar2 argazkia bilatu eta partekatu (Pixelfeden egingo dut),
#52argazkieta asteko gaiari dagokion traolarekin - Eta listo!
Zer iruditzen? Norbait apuntatzen da?
Oin-oharrak
Gai batzuk zehatzak eta argiak dira, beste batzuk abstraktuagoak; egokitzen diren momentuaren arabera interpretatu eta erronkari erantzuteko argazkia bilatzea tokatuko da.↩︎
Denbora erlatiboa da, eta asteak batzuetan 7 egun eta besteetan 10 har ditzake… 7 egunetik behin gai berri bat programatuta utziko dut, baina malgutasunez hartuko ditut argazkiak egin eta partekatzeko epeak. Helburua ingurua patxadaz begiratzeko ohitura ezartzea da, ez zeregin bat gehitzea eguneroko lanpetuari. Baina EZ DU BALIO aurretik egindako argazki bat erabiltzea!↩︎