Kalitate demokratikoaren gaineko ohartarazpen batzuk, komunikazioaren ikuspegitik

Eusko Legebiltzarreko Kalitate demokratikoa hobetzeko ponentzian egindako agerraldia

Deusto
Data

2026/04/22

Duela aste batzuk Eusko Legebiltzarreko Kalitate demokratikoa hobetzeko ponentzian izan nintzen gaiari komunikazioaren ikuspegitik begiratzeko eskaerari erantzunez: esfera publikoaren desintegrazioaz, plataforma digitalen jabetzaz, desinformazioaz hitz egin nuen (eta adimen artifizialaz ere bai, nola ez). Hemen jasota utzi nahi izan dut agerraldirako prestatutako testua.

Egilea: Eusko Legebiltzarra/Parlamento Vasco

Ezer baino lehen, eskerrik asko agerraldi hau egitera gonbidatzeagatik, nire kasuan komunikazioari buruz hitz egiteko. Aritu naiz pixka bat jarraitzen kalitate demokratikoa hobetzeko ponentzia honetan aurretik izandako agerraldi batzuk, azkenekoak batez ere, ikusteko nondik nora ari zineten eta esan nahi dut oso eztabaida interesgarria egin zaidala, batetik, eta bestetik umiltasunez natorrela erabat, ez naizelako politologoa eta demokrazia bera ez delako izan nire ikasgai edo ikergai nagusietakoa. Baina bai uste dut aipatu izan dituzuen hainbat elementutan badela kontuan hartu beharreko klabe komunikatibo bat, edo komunikazioaren arlotik egiteko ekarpen edo ohartarazpen bat, agian; eta hori ekartzen saiatuko naiz.

Aipatuko ditut, noski, komunikazioari buruz hitz egitera etorri naizen heinean pentsatzen baitut neurri batean espero duzuela: desinformazioa, hedabideak, sare sozialak edo plataforma digitalak, adimen artifiziala… eta baita ere ponentzia honetan aurretik aipatu diren esfera publikoaren desintegrazioa, abiadura, komunikazioaren ikuspegitik; eta hauei guztiei gaurko komunikazio baldintza eta praktikek nola eragiten dieten. Esan bezala bilatuz, agian irtenbideak proposatzea baino gehiago, kalitate demokratikoa hobetzeko komunikazioaren ikuspuntutik hainbat ohartarazpen edo arreta jartzeko puntu mahaigaineratzea.

Esfera publikoaren desintegrazioa

Demokrazia baldin bada erabakiak kolektiboki hartzera bideratutako bizitzaren kudeaketarako sistema bat, oinarritzen dena ordezkaritzan eta deliberazioan, erabaki kolektibo horiek hartzeak eskatzen du, hasteko, oinarri-oinarrian, errealitatearen gaineko adostasun minimo bat behintzat izatea, errealitatearen interpretazio funtsezko bat adostea; errealitate hori nora eraman nahi dugun eztabaidatu ahal izateko (asko sinplifikatuta, mahai honetan lehen ere aipatu den Habermasen esfera publikoaren eta eztabaida deliberatiboaren ideia); eta norabide horretara zuzendutako pausoak emango dituzten ordezkariak hautatzea, erabakitzea. Pauso hauetan guztietan komunikazioak funtsezko papera jokatzen du.

  1. Errealitatearen irudikapenaren eraikuntza partekatu hori komunikazioaren bitartez egiten da: gehiegi sakondu gabe, semiotikak (Barthes, 2010) edo elkarrekintza sinbolikoak (Mead, 1934) azaldu digute hau, gizakiok ingurune sinboliko partekatuak eraikitzeko mekanismoa dela komunikazioa, hizkuntza bidez nagusiki negoziatzen dugula esanahia (eta negoziatutako, sozialki eraikitako esanahi hori dela gure errealitate-ikuskera eta jokabideak moldatzen dituena). Hizkuntza da esanahiak partekatzeko ikur sistema arbitrarioa, adostua eta arautua (errealitatearen ideia ordezkatzeko erabiltzen dugun ikur sistema).
  2. Errealitate sinboliko horren gaineko adostasuna eraiki eta negoziatu egin behar bada, nora eraman nahi den ere, noski, elkarrizketa eta deliberazio bidez adostu beharra dago: hau ere komunikazio-prozesu bidez egiten da.
  3. Ordezkariak hautatzea, erabakien berri ematea, etab. komunikazio-prozesuen bidez egiten da.

Zentzu honetan, egungo komunikazioak bizi dituen erronkak badira demokraziaren kalitateari eragiten dioten erronkak ere, aipatutako ordezkaritza sistema deliberatibo batean oinarritzen den heinean.

Horietako bat da esfera publikoaren desintegrazioa, ponentzia honetan lehenago ere ateratako gaia, eta aztertu dena hainbat ikuspegitatik. Nik komunikazioaren esparrura ekartzean, edo komunikazioaren ikuspuntutik begiratzean esfera publikoari, azpimarratu nahi nuke bereziki komunikazioaren azpiegiturek, komunikazioaren arkitektura teknologikoek izan duten eragina, komunikatzen diren edukiek baino gehiago edo gutxienez komunikatzen diren edukiek bezainbeste, esfera publikoaren eraikuntzan eta desintegrazioan. McLuhanen pentsamendutik eratorria da neurri batean ideia hau: medioa da mezua1.

1 Jatorrizkoan, “the medium is the message” (McLuhan eta Norden, 2015). Honekin adierazi nahi zuena zen medioaren (azpiegituraren, teknologiaren) ezaugarriek berariaz eragiten dutela gizarte bezala negoziatzen eta adosten dugun ingurune sinboliko horretan, errealitatea ulertzeko baliatzen dugun esanahi-multzo hori eraikitzeko prozesuan, medio horretatik helarazten diren mezuak edozein direla ere. “Komunikazioaren teknologiak” esaten dugunean, alfabetoaren asmakuntzaraino atzera egiten zuen McLuhanek; idatzizko hitzak, materialtasun propioa duten neurrian, bereizi egiten dira igorlearengandik, ahozkok ez bezala; alfabetatzeak eragin zuen ordura arte ahozkotasunean oinarritutako gizarte tribalak esparru pribaturako joera izatea gehiago, eta tribuaren parte hartze kolektibotik disantzia hartzea, irakurtzea ekintza indibiduala den heinean. Maila horretako medio iraultzaile gisa kontzeptualizatzen ditu McLuhanek inprenta eta telegrafoa.

McLuhanen pentsamenduan, hedabideek ekosistema bat osatzen dute, eta zentzu horretan, historiaren bilakaeran, ideia berriek ―edukiek― erosioaren parekatu litezkeen eraldaketak ekarri dituzte; medio berriek, aldiz, lurrikara batekin alderatu litezkeen eraldaketa bat-bateko, begibistako eta sakonak.

Esfera publikora itzulita, esfera publikoaren ideia bera estuki lotuta dago hedabideekin. Neurri batean esan liteke prentsaren sorrerak2 egin zuela posible esfera publikoaz hitz egitea, eta hedabideak direla, herria edo demosa eta honek har ditzakeen erabaki kolektiboen artean, bitartekaritza lana egiten duen agenteetako bat3. Horregatik, bitartekaritza lana behar bezala egin dezaten (hau da, posible egin dezaten deliberazio publikoa gertatzeko baldintzak bilduko dituen esfera publikoaren artikulazioa), bete behar dituzte baldintza batzuk, kazetaritzazko etikan eta deontologia profesionalean kristalizatu direnak, denboran zehar.

2 McLuhanek esango luke inprentak, eta ez horrenbeste prentsaren bidez zabaldutako edukiek.

3 Beste hainbat agenterekin batera: alderdi politikoak, ordezkari publikoak, gizarte zibileko eragileak, zientzia bera…

Jarraibide etiko, edo deontologiko horiek beharrezkoak dira sistema demokratikoan bitartekaritza lana egitea aitortzen zaien agenteentzat, hain zuzen ingurune sinboliko partekatu horien eraikuntzan eragiten dutelako, eta ingurune horiek gure pertzepzioak, esperientziak, jarrerak, jokaerak, deliberazioa eta erabakiak moldatzen dituztelako. Beraz, gizarte mailako eragin zabalak dituztenez, artikulatu behar dira ikuspegi zabal horretarako optimizatuta egon daitezen, helburu horretara bideratuta operatu dezaten, eta ez dezaten egin optimizazio “estu” edo espezifiko bat, osotasunaren ikuspegiari kalte egingo diona. Esan bezala helburu honekin garatzen da kazetaritzazko deontologia adibidez, gizarte-mailako helburuetara bideratu dadin kazetaritzazko jarduera (hedabideek bitartekaritza funtzio hori betetzen dutela bermatzera), eta ez (edo ez bakarrik, edo ez nagusiki) interes partikular konkretuagoetara.

Hedabideen bitartekaritza funtzio honek ere gorabeherak izan ditu, optimizazio estu edo interesatu hauen ondorioz, hein handi batean: betidanik bizi dira funtzio soziala eta negozio ikuspegiaren arteko tentsio horretan: informazioa vs. entretenimendua, edukia vs. publizitatearen arteko tentsio horretan4.

4 XIX. mendera arte irakurleen leialtasuna mantentzea zen lehentasuna, baina XX.tik aurrera publizitateak ekarritako irabaziek salmenta zuzenak gainditu zituzten (eta beraz, funtzio soziala eta logika komertzialaren bikoiztasun hori bezero bikoiztasun ere bihurtu zen: irakurleak eta iragarleak). Prentsa sentsazionalistak abiatutako entretenimenduaren bidean sakondu zuen geroago telebistak, esaterako: audientzia handiagoak lortzeko bide eraginkortzat hartu zen informazio konplexu, desatseginaren aurrean hobestea eduki arinago, entretenigarriagoak (aldi berean, iragarleak bihurtu ziren argi eta garbi bezero nagusia, eta audientzia, hari “saltzen” zaion produktua). Telebistak posible egin zuen informazioa berehala jasotzea, baina testuinguru eta sakontasun gutxiagorekin: entretenimendua betebehar bihurtzen da (entretenimenduak dakarren eztabaidaren gainbehera hau da Postmanen Divertirse hasta morir liburuaren funtsa).

5 Autore askok bildu dute interneten promesaren ideia hau, besteren artean Marta G. Francok bere Las redes son nuestras liburuan (2025).

Zentzu honetan itxaropena ekarri zuen garapena izan zen Interneten, edo zehatzago esateko, webaren asmakuntza eta zabalkundea: bitartekaritza funtziorako zilegitasuna galtzen hasia zen hedabide-sistemaren aurrean, internetak zekarren promesa zen5 pertsonen arteko komunikazio erabat horizontala, bitartekorik gabea, informazioa mugarik gabe eskuragarri jarri eta zabaltzea posible egiten zuena, eta teorian benetako esfera publiko unibertsala posible egingo zuena.

Denborarekin (eta hemen argi ikus daiteke erritmoa azeleratzen joan dela), hasierako momentu haietan hacker sentiarazten gintuzten zuzenean teklatutako HTML bidez sortutako weborriak konplexuagotzen joan ziren eta agertu (eta ugaritu) ziren lehenengo blogak (1994-95ean) eta gero komunikazio-plataformak (2000 hasieran): Youtube, Facebook, geroago Twitter (orain X), Instagram, TikTok, eta abar6.

6 Horietan ikusten genituen jarraitu nahi genuen jendearen edukia, ordena kronologikoan: batzuk asko argitaratzen zuten, beste batzuk ez horrenbeste, eta gutxiago ikusten genituen. Plataforma horiek sortu zituzten buru pentsalariek, pentsatu zuten ez zela optimoa “lagunen” argitalpenak ordena kronologikoan erakuste hori, informazio esanguratsua galtzen genuelako, eta hasi ziren “denbora-lerro”ak horiek optimizatzen. Eli Pariserrek, “iragazki-burbuilak” terminoa erabili zuen lehenengoetarikoak, kontatzen du bera politikoki aurerakoia edo progresista dela, baina beti saiatu izan dela kontserbadoreak diren pertsonak jarraitzen, pentsatzen dutenaren berri izateko, estekatzen dituzten baliabideak ezagutzeko, bere iritziak sendotu edo moldatzeko, batzutan. Eta konturatu zela egun batean kontserbadoreak desagertu zirela bere Facebook-eko “denbora-lerrotik”―edo jariotik, esango dugu zehazkiago. Facebook-ek “optimizatu” zuen debora lerroa, ikusiz gehiago klik egiten zuela lagun progresista edo aurrerakoien estekatan, lagun kontserabadoreenetan baino. Eta beraz, berari galdetu gabe, erabaki zuen gehiago interesatzen zitzaizkiola kutsu aurrerakoidun argitalpenak, eta ezabatu zizkion jariotik kontserbadoreeenak (2011).

7 Erregistratu edo saioa hasi gabe baldin bazaude ere, nabigatzaile eta bilatzaile ezagunenek (ez dut markarik esango) 57 adierazle baino gehiago erabiltzen dituzte (zein ordenagailu mota duzun, nabigatzailea, pantailaren tamaina, kokapen geografikoa, wifi bidez edo kable bidez konektatzen zaren…) ikusiko dituzun emaitzak “pertsonalizatzeko”.

Publizititatez erabat inguratuta aurkezten da edukia, askotan bereiztu gabe, eta plataforma digitaletan bereziki, ez da ordenatzen kronologikoki, baizik eta algoritmikoki. Ez plataforma digitalek bakarrik; webaren edizio algoritmiko hau gaur egun bestelako tresna askok ere egiten dute. Erakusten digutena gure interakzioen arabera “pertsonalizatua” dago7.

Hauek dira Eli Pariserrek iragazki-burbuilak deitu zituenak (Pariser, 2011), oihartzun-ganbarak ere deitu izan direnak: bakoitzak guretzat bereziki prestatutako dieta informatiboa jasotzen dugu, norberaren informazio-unibertso pertsonal eta bakarra osatuz. Bakoitzaren iragazki-burbuilaren barrura sartzen dena haren araberakoa da, egiten duenaren araberakoa (non ematen duen denbora, non klik egiten duen). Interneten promesa hori hautsi zen beraz, eta komunikazio zuzenaren eta erabat horizontal eta unibertsalaren ordez, badugu bitartekotzaren desplazamendu bat: hedabide tradizionalen bitartekotzatik, bitartekotza algoritmikora (bide batez, bitartekotza hau transparente egiten dute, ikusezin). Hedabideek erabaki beharrean zer ikusiko dugun, algoritmo-sistemek erabakitzen dute.

Telebistak entretenimendurantz abiatutako “desbideratze” horretan, ingurune sinboliko partekatu horren eraikuntzari eta deliberazio publikoari ekarpena egiteko optimizatu beharrean (optimizazio zabala) entretenimenduaren bitartez audientziak (eta irabazi ekonomikoak) handitzera bideratze horretan (optimizazio estua) sakondu dute plataforma digitalek. Korporazio digitalek erabiltzaileen atentzio jarraitua monetizatzen dutenez, atentzioa bereganatu eta mantentzeko optimizatzen dituzte euren tresnak eta algoritmoak (guri esaten diguten bitartean eduki esanguratsuagoa aurkezteko dela). Entretenimenduaren eskaintzarekin abiatu zen atentzioa bereganatzeko lasterketa hori garunaren alderdi sakonenera iristeko lasterketa bihurtu da, hausnarketarik gabeko atentzioa bereganatzeko diseinu adiktiboak baliatu eta berriak garatzen dituzte; autokontrola eta pentsamendu arrazionala desgaitzea lortzen dute, haiei begira egoteari uzteko aukerak deuseztatuz. Honetan dituzte munduko ingeniari, psikologo eta aditu onenak8.

8 Eduki geroz eta muturrekoagoa aurkeztea; scroll infinitua; autoplay edo erreprodukzio automatikoa… El dilema de las redes dokumentalak sakontzen du honetan (2020).

Bi arazo dakartza honek. Alde batetik, ez duzula zuk erabakitzen zer sartzen den eta zer ez zure burbuilan. Beste norbaitek hartzen ditu norberaren mundu txikiari dagozkion erabaki horiek, edo beste norbaitek programatutako ikasketa automatikoko algoritmo batek. Algoritmo horrek, katutxoen argazki edo bideotan denbora eman edo klik egiten badiezu, “ikasten” du katuak interesatzen zaizkizula, eta “erabakitzen” du katu gehiago erakustea, eta txakur gutxiago. Litekeena da orduan katuak ikusten are denbora gehiago ematea, txakurrak ikusten baino (feedback bukle batean); eta horrela segiko du “ikasten” zer interesatzen zaizun gehiago, eta eragiten zure interesei, txakurrak zer diren ahazten duzun arte ia. Pertsonalizazio hau ez da hartzailearen hobebeharrez egiten: optimizazio estu horietako baten adibidea da. Plataforma hauen errentagarritasuna erabiltzaileen atentzioa harrapatzetik pasatzen da, zenbat eta denbora gehiago eman, orduan eta errentagarriagoak dira (honek osasun fisikoan, osasun mentalean arazo zuzenak eragiten baditu ere). Bestetik, ez dagoela “internet estandar” bat, “jatorrizko” bat, filtratu gabeko bat, baizik eta 1-eko munduak, hiperfragmentatutako burbuilak eratzen dituela.

Honen ondorio nagusia da esfera publikoaren (horrela, singularrean esanda) desintegrazioa: literalki pertsona adina burbuilatan lehertu dena. Hemen nabarmendu nahi nuke desintegratzen dena ez dela bakarrik espazioa, deliberazio publiko hori posible egin lezakeen informazio-espazioa. Desintegratzen da baita ere espazio hori elkagune bihurtzen duen ingurune sinboliko partekatua, deliberaziorako abiapuntu izan litekeen errealitatearen ulerkera negoziatu minimo hori.

Desinformazioa

Zentzu honetan kokatuko nuke desinformazioa. Desinformazioa ez dira gezurrezko albiste hutsak; desinformazioak dakar ingurune sinboliko partekatuaren ukapena, egiaren ideiaren beraren negazionismoa. Desinformazioa ez da berria, baina esfera publikoaren hiperfragmentazioak eta eduki pertsonalizatuak arreta mantentzeko algoritmikoki optimizatzeko gaitasun teknikoek anplifikatu egiten dute bere eragina. Testuinguru honetan, inork ez daki zer den egia eta bakoitzari egitate ezberdinak aurkezten zaizkion unibertso partikularretan bizi gara: egia-ostean. Hemen ekarri nahi nuke berriz ere edukia edo mezua eta medioaren arteko garrantzia erlatiboen ideia. Izan ere, eduki desinformatzaileak gezurtatzeak, fact-checkingak, eta desinformazioa hedatu ondoren hartutako edozein neurrik, ezingo du eragindako kaltea erabat desegin. Horrela, komunikaziorako arkitektura teknologiko honek, eraikita dagoen moduagatik, optimizatzen denez modu estuan, helburu espezifiko eta partikularretarako (zehazki, engagementa, arreta mantentzea), hobetsiko du helburu horietara bideratutako edukia (muturrekoa, polarizatzailea, sexualizatua, etab.). Atentzioaren ekonomian Davenport (2002), arreta jartzeko gaitasuna mugatua den heinean, informazioz saturatuta baldin bagaude ez dugu atentzio-tokirik gezurtapenetarako, zuzenketetarako, optimoena dena bakarrik jasoko dugu.

Espazioaz gain ingurune sinboliko partekatuak ere hiperfragmentatuta izateak beste ondorio bat dakar, eta da ezin ditugula bereizi ingurune digitala eta ingurune fisikoa, edo aurrez aurrekoa. Esan nahi dut, eraiki ditzakegula deliberazio publikorako espazio fisikoak, ingurune digitalaren ezaugarri horiek saihestu nahian9, ingurune digitalak eragiten dituen espazio hiperfragmentatu horien aurrean topagune izan daitezen; baina espazio horretara bakoitzak ekarriko duen mundu-ikuskera, ingurune digitalaren optimizazio estu horrek eragindako erabat pertsonalizatutako dieta informatiboak eraikia da. Ez da bakoitzak bere iritzia izango duela eztabaidatu nahi diren gaien inguruan; gaiak funtsean zer diren edo gaiaren inguruan zer esan nahi den adostea zaildu egin da.

9 Aipatu da ponentzia honetako aurreko saioren batean, ingurune digitaleko parte-hartze prozesuek zalantza sortzen dutela, bermerik apenas dagoelako.

Desinformazioa hedabideekin lotzen da askotan, baina agente desinformatzaile askoz ere eragingarriagoak dira plataforma digitalak, besteren artean asko erabiltzen direlako. Reuters Institutuaren Digital News Report txostenak albisteen iturriei buruz galdetzen du, eta azken argitalpenean aipatzen du «sare sozialen eta bideo-plataformen bidez kontsumitzeko joera bizkortzen» ari dela, eta horrek «are gehiago murrizten du ‘kazetaritza instituzionalaren’ garrantzia, eta hedabide-testuinguru alternatibo hiperfragmentatu bat auspotzen du» (Newman et al., 2025). Espainiarako datuetan, albisteen kontsumoa jeitsi egin da orohar iturri guztietan (lineakoak, prentsa, telebista), baina prentsari (%21ek erabiltzen dute) eta telebistari (%54) gailentzen zaizkie lineako iturriak (%69)―albisteetako webguneak, bideo plataformak, albiste podcastak, eta AA txatbotak barne hartzen dituztenak.

Ingurune sinbolikoaren eraketan elkarrekintza sinboliko orok eragiten du, ez albisteen kontsumoak bakarrik; Espainian %77k erabiltzen dute Whatsapp (%24k albisteak jasotzeko), %55ek Facebook (%24k albisteak jasotzeko), %59k Youtube (%19k albisteak jasotzeko), %55ek Instagram (%18k albisteak jasotzeko)―oso azpitik Twitter/X %24k (%15ek albisteak jasotzeko). Zerbitzu hauek erabiltzen ditugu albisteak jaso baino askoz ere gehiago egiteko: gertukoekin, lagunekin dugun komunikazioaren parte geroz eta handiago bat plataforma hauen (eta haien algoritmoen) bitartez egiten dugu.

Puntu honetan aipatu nahi nuke komunikazioaren arkitektura teknologikoaren ezaugarri bereizgarri bat, eta da jabetzarena.

Plataforma digitalen jabetza

Telebistaren kasuan eredu ezberdinak izan dira: AEBtan adibidez Hollywoodeko zinema-industria komertzialaren eredua ekarri zen telebistara eta ekimen pribatuko erakundeak izan ziren telebista kateak abiatu zituztenak (1941), baina Europako ia herrrialde guztietan (geroago), lehen telebista kateak funtzio soziala nabarmenduz eratu ziren eta erakunde publikoek kudeatu zituzten eta, askotan, Espainiaren kasuan bezala, zuzenean estatuaren menpe. Optimizazio zabal hori, hiritarren parte hartze politikoa posible egingo zuen informazioa zabaltzeko funtzio nagusia esleitzen diena, sorreratik bertatik txertatuta agertzen da lehen telebista eta irrati erakunde horietan: jabetza publikokoak dira eta kontrol publikoa aplikatzen zaio haien gobernantzari. Geroago kate pribatuak etorri baziren ere, hedabideen ekosisteman jabetza publikoko medioak mantentzeari nolabaiteko balioa ematen diegu, gizarte gisa, hobeto edo okerrago, mantendu ditugun neurrian, eta aurrekontuaren parte bat esleitzen jarraitzen zaien neurrian.

Beste esparru batzuetan, garrantzitsu jotzen direnetan behintzat, errepikatzen dira jabetza publiko eta pribatuko erakundeak konbinatzen dituzten ekosistemak, edo behintzat arautu egiten dira kontrol publiko gutxieneko bat bermatzeko10. Interneten lehen urteetan ere ekimen publikotik abiatu ziren edo jabetza publiko-pribatuko erakundeak sortu ziren lehenengo interneteko sarbidea etxeetara ekarri eta geroago mugikorretako zerbitzuak eskaintzeko, nahiz eta hauetatik ez den horrenbeste geratu.

10 Errepideak, energia, telefono bidezko komunikazioak (lehen urteetan behintzat), esaterako.

11 Korporazio oso pertsonalistak dira gehienak, %95ean gizonak, zuriak, eta mendebaldekoak dira haien jabeak.

12 Durand edo Varoufakisek tecnofeudalismo izena erabili dute (Durand, 2020, 2021; Varoufakis, 2023), baina beste autore batzuk, feudalismorako itzulera bat baino gehiago, kapitalismoaren garapen gisa interpretatzen dute egungo momentua ―ikuspegi ekonomikotik―, adibidez, Mozorovek edo Zuboffek “zaintza-kapitalismoa / capitalismo de vigilancia” (Zuboff, 2019, 2020), Srnicekek “plataformetako kapitalismoa” (2016, 2018).

Aldiz, gaur egun erabilienak diren komunikaziorako tresna digitalak, orain arte aipatu bezala demokraziaren funtsezko funtziotan eragin nabarmena badute ere, dozena bat korporaziorenpertsonaren eskuetan daude11. Whatsapp, Facebook, Instagram = Meta; Google; Twitter/X; TikTok; eta hauen bitartez jasotzen dugun edukia gobernatzen duten algoritmoen, hiperfragmentazio hori eragiten duten, horien gaineko erabateko kontrola hiperkontzentratuta dago esku oso gutxitan. Maila honetako botere kontzentrazio bat eman izan denetan, emaitza ez da gizarte zabalarentzat bereziki onuragarria izan12.

Adimen artifizialari buruz, labur labur

Gehiegi luzatu gabe, komunikazioaren ikuspegitik bakarrik nabarmendu nahi nuke adimen esaten bazaie ere, kogniziorik ez dutela, tresna hauen adimena espejismo hutsa dela. Hasieran esan bezala, gizakiok ingurune sinboliko partekatuak eraikitzeko mekanismoa komunikazioa da, eta hau hizkuntza bidez egiten dugu nagusiki. Adimen artifizial sortzaile mota espezifiko bat da zabaldu dena: hizkuntza eredu handiak, txatbotak (ChatGPT, DeepSeek, Gemini, Claude, Perplexity, Copilot, Grok, Meta AI…), hain zuen; eta hauek hizkuntza erabiltzen duten neurrian, joera dugu automatikoki interpretatzekoa guk hizkuntzarekin erabiltzen dugun prozesu kognitibo berbera (edo antzekoren bat) ematen ari dela, errealitatearen interpretazio bat ikur sinboliko bidez ordezkatu eta hori partekatzen ari direla gurekin. Baina ez da horrela. Hizkuntzaren forma mailan operatzen duten tresna probabilistikoak besterik ez dira: azaleko maila horretan aritzen dira, esanahiaren mailara jaitsi gabe. Garrantzitsua da hau argitzea, batez ere deliberazio publikora era honetako tresnak ekartzen ditugunean: hizkuntzaren forma hutsarekin dabiltzala, ez esanahiekin. Eta honek gaitasun handiak ematen dizkie, noski, baina ez die ematen adimen edo kontzientziarik.

Bereizi nahi nituzke baita ere, alde batetik, AAren gaitasunak eta egin lezaketen ekarpena, eta bestetik, ikusten ari garen AAren bilakaera. Gaur dugun AAren bilakaerak areagotu besterik ez ditu egin sare sozialen kasuan ikusi genituen azelerazioa, eskumena edo botere-konzentrazioa, eta batez ere halabeharrezkotasuna. El dilema de las redes dokumentalaren eta Center for Humane Technology erakundearen sortzaile Tristan Harrisek azaltzen du sare sozialak, plataforma digitalak, izan direla AArekin izan dugun lehen kontaktua. Denbora-lerro algoritmiko horiek izan dira eskala zabalean hedatu den lehen adimen artifiziala (Harris eta Raskin, 2023). Honek aukera eman digu ikasteko gauza pare bat. Batetik, optimizazio estuak interes komunari kalte egiten diola: konexioa ekarri beharrean eragin dute polarizazioa, isolamendua, osasun mentaleko arazoak, arreta kudeatzeko ezintasuna, ekintza irreflexiborako joera… elkar ulertzeko eta elkarrengan konfiantza izateko ezintasuna dakarrena eta, funtsean, demokraziaren oinarrizko premisa den ingurumen sinboliko partekatu bat eraikitzeko erabateko ezintasuna. Bestetik, ez dela behar AAren izugarrizko garapenik, ezta zientzia fikzio apokaliptikoak irudikatu duen modura AAk kontzientzia propioa hartzerik ere, sakoneko eragin larriak izateko gizartean. Sare sozialetako aplikazio lokalizatuak (hain gauza konkretuak) erakutsi digu gizakiaren ahultasunak esplotatzea nahikoa duela (dopamina, balidazio soziala, etab., engantxatuta mantentzen gaituzte) kontrola, agentzia lapurtzeko: optimizazio estu horrek eragin du guztiok termino horietan edukiak sortzen hastea, kazetariak edo alderdi politikoak barne, algoritmoa elikatzeko.

Beraz behar dugu adimen artifizialak deitutakoen eragin hauen ulerkera partekatu bat eraiki eta zabaltzea, gauza izan gaitezen, gizarte bezala, adimen artifizialeko sistemak optimizatzeko, bideratzeko, interes komunera, sare komunitarioak sendotzera, oraindik hastapenetan gauden momentu honetan.

Amaitzeko

Laburbilduz, kalitate demokratikoa bermatzeko edo hobetzeko behar badugu deliberazioa, behar badugu elkarrizketa, hausnarketa eta gogoeta partekatua, erabaki komunak hartzea; borondate komunaren ordezkaritza operatibo bat (legitimidadea eta autoritatea dituena); lankidetza kolaboratibozko prozesuak martxan jartzeko gaitasuna izatea… hauek ez dira gertatuko gaur ditugun komunikazio-espazioekin, gaur egun komunikazioa gertatzen den arkitektura teknologikoarekin. Aipatu ditudan eragin kaltegarriak ez dira plataforma digitalen disfuntzio bat, edo akats bat; haien funtzionamendu egokiaren ondorioa dira. Horrela diseinatuta daude. Gure interes komunaren kontra egiten dute diseinuz (Williams, 2018, 2021), eta beraz diseinu horiek problematizatu behar dira.

Igor Ahedok aipatzen zuen ponentzia honetako aurreko saio batean, mundu guztiak ulertzen duela erregenerazio ekonomikorako eta erregenerazio urbanorako ez dela nahikoa coachinga, pentsamendu magikoa eta borondate hutsa, baizik erakunde publikoen esku-hartzea beharrezkoa dela. Ezin dela asumitu demokraziaren eraberritzeak behar duen saretze komunitarioa eraikitzea legerik gabe, edo dirurik gabe, onartzen dugunean industria-sarea eraikitzeko baliabideak, legeak eta dirua behar direla. 2026ko hedabideen ekologiak komunitatea saretzeko ekarpena egingo badu, esku-hartzea eta baliabideak behar ditu: ezin da oinarritu hiperfragmentaziora, polarizaziora, hausnarketarik gabeko jarrera konpultsiboetara eta atentzioa etenik gabe harrapatzera izugarrizko baliabide ekonomiko eta pertsonalak bideratzen dituen industria bati maila indibidualean aurre egiteko autokontrolerako eta erabilera arduratsurako deietan (gutxiago heldugabeko pertsona gazteei).

Bestetik, ingurune sinboliko partekatuen eraikuntza behintzat posible egingo duen (gutxienez, edo ahal dela, horra bideratuta optimizatuta egongo den) ekosistema komunikatibo bat eraikitzen den bitartean, norbanakoa / hiritarrak babestu egin behar dira. Babestu behar da bere arreta ingurune honetan harrapatuta ez geratzeko norbanakoek egiten duten erresistentzia13. Jabetza hiperkontzentratutako komunikazio-teknologia hauek komunikazio maila guztietara hedatu dira, ez bakarrik hedabideetako komunikaziora edo komunikazio publikora, baita taldeetako komunikaziora, komunitariora, eta pertsonen artekora edo komunikazio pribatura ere, Whatsapp edo Telegram bezalako plataformen bitartez. Aurreko agerraldi batean aurkeztu ziren aginte-koadro aurreratuak elikatzeko gure arteko elkarrizketa pribatuen inguruko datuak14 dituztenak ez dira zerbitzu publikoak15.

13 Adimen artifizialeko funtzioak itzaltzea; diseinu adiktiboa duten plataformak saihestea…

14 Mezularitza aplikazioen bidez esandakoaren ingurukoak, edo bozgorailu adimendunen aurrean izaten ditugun elkarrizketa pribatu horienak.

15 Hemen argitu behar dut ez dudala esan nahi administrazioak izan behar lukeenik komunikazio pribatuen gaineko kontrola, Europako Batzordeak ChatControl ekimenaren bitartez bilatzen duen bezala.

16 Gaur egun gertatzen den bezala: agintari publiko batek Xn ―edo Instagramen― bakarrik adierazpenak egitea; Google edo OpenAIren adimen artifizialeko tresnetan oinarritzea; deliberazio, bozka edo informazio jarduerak Whatsapp bidez planteatzea.

17 Emaila; pertsonen arteko komunikazio-zerbitzuak; hezkuntza-plataformak, batzuk aipatzearren.

Informazioa jasotzea, edo oraingo eztabaida publiko inperfektuan parte hartzea, ezin da delegatu plataforma pribatuetara16. Hiriguneko espazio publiko guztiak enpresa pribatuen esku uztea onartzen ez dugun bezala, ez genuke onartu behar eztabaida publiko (eta pribatu) guztiak enpresa pribatuen algoritmo opakoen esku egotea: zerbitzu kritikoak identifikatu17 eta merkatu-logika horretatik atera behar dira. Jokoan dagoena ez da gure intimitate indibiduala soilik, gure bizikidetzaren artikulazioa bera baizik. Doan eskaini zaizkigun plataforma erosoak gure osasun mentalarekin (pertsonala eta kolektiboa) eta komunitate-loturen ahultzearekin ordaindu ditugu (Martinez, 2026).

Baina bada atzera egiterik. Egin dugu lehenago ere, ezinezkoak ziruditen gaietan: lehen aipatutako Harrisek (2023) alderatzen du plataforma digitalen eragina tabakoaren industriarekin; edo AArena energia nuklearraren garapenarekin. Gizarte bezala gauza izan ginen egoera horietan optimizazio estuak (interes ekonomiko partikularrak, eskalada armamentistikoa) interes komunera bideratzeko. Baina horretarako behar-beharrezkoa da eraginen eta arriskuen ikuskera bateratu bat adostea eta eraikitzea; ekintza koordinatzea. Eta horrek eskatzen du abiadura kuestionatzea. Abiadura moteltzea ez da geldirik egotea: abiadura moteltzea da, Cristina Mongek bere agerraldian aipatzen zuen bezala, politika publikoen ebaluazioa sakontasunez egiteko denbora hartzea; pauso bat ematen denean, norabide egokian eman ote den edo ez egiaztatzeko behar diren neurriak hartzea; eraginak neurtu eta baloratzea. Informatikan esaten den bezala, erabakimen demokratikoko guneen (hauek hartzen duen forma hartzen dutela) abiadura motelagoa, ez-hiperazeleratua, ezaugarri bereizgarri beharrezko bat da, ez akats bat18.

18 “A feature, not a bug”.

19 “Sare komunitarioa (trama comunitaria) sendotzen, artikulatzen, konfiguratzen, laguntzen du?”

Berrikuntza demokratiko bat erosteko Igor Ahedok bere agerraldian proposatzen zuen galdera19 ekarri beharko genuke komunikazio-teknologien berrikuntzetara ere: laguntzen dute, edo desbideratzen gaituzte helburu komun horretatik? Zer egiten dute gure, euskal gizartearen, benetako sare sozialagatik?

Plataforma eta medio hauen optimizazioa zabaldu egin behar da, interesak ekarri behar dira sare komunitarioa indartzera. Deliberaziorako eta eztabaida publikorako ezinbesteko baldintza den ingurune sinboliko partekatua berreskuratzeko esparru klabea da komunikaziorako arkitektura teknologikoa. Erregulatu egin behar da teknologia eta plataforma horien helburuak eta optimizazioak berbideratzeko; kontrol publikoa bermatuko duten gobernantza ereduak garatu behar dira; behar dugu, alor honetan ere, beste hainbatetan eskatzen dugun burujabetza eta autonomia. Gutxienez, jabetza pribatukoak ez diren medioak20 gehitu behar dira hedabideen ekosistemara, edo behintzat merkatu-logika hutsen operatzen ez dutenak; ekosistema hori deszentralizatu egin behar da. Komunikaziorako arkitektura teknologikoak egun hartu dituen ezaugarriak problematizatu, alternatibak eraiki eta horiekin ordezkatzea presazkoa da. Oraingo norabidea zuzendu eta kalitate demokratikoa hobetuko duen espazio komunikatibo eraikitzailea artikulatzeko, borondate politikoa eta baliabideak behar dira―teknologia eskura dago, eta ereduak badaude21.

20 Jabetza publiko edo komunitariokoak.

21 Altxa Burua edo Hezkuntzan Librezale bezalako mugimenduak; Abaraska taldea eta bere euskal plataformen ekosistema; Mastodon.eus; Wikipedia.

Erreferentziak

Barthes, R. (2010). Mitologías (H. Schmucler, Itzul.; 2. arg.). Siglo XXI.
Beware Online "Filter Bubbles". (2011). TED Talks. https://www.ted.com/talks/eli_pariser_beware_online_filter_bubbles
Davenport, T. H. (2002). La economía de la atención: el nuevo valor de los negocios. Paidós etc.
Davenport, T. H. eta Beck, J. C. (2001). The Attention Economy: Understanding the New Currency of Business. Harvard Business School Press.
Durand, C. (2020). Technoféodalisme: Critique de l’économie Numérique. Zones.
Durand, C. (2021). Tecnofeudalismo: crítica de la economía digital. Kaxilda.
El dilema de las redes. (2020). https://www.netflix.com/watch/81254224
Franco, M. G. (2025). Las redes son nuestras: una historia popular de internet y un mapa para volver a habitarla. Consonni.
Harris, T. eta Raskin, A. (2023). The A.I. Dilemma. Center for Humane Technology. https://www.youtube.com/watch?v=xoVJKj8lcNQ
Martinez, D. (2026). Zergatik den deszentralizazioa mezularitzaren azken helmuga eta zergatik deitzen den helmuga hori Delta Chat. Honakoan: etzi.pm. https://etzi.pm/zergatik-den-deszentralizazioa-mezularitzaren-azken-helmuga-eta-zergatik-deitzen-den-helmuga-hori-delta-chat/
McLuhan, M. eta Norden, E. (2015). La entrevista de Playboy: Marshall Mcluhan. Honakoan: Ecología de los medios: entornos, evoluciones e interpretaciones (45–95. or.). Editorial Gedisa.
Mead, G. H. (1934). Mind, Self And Society. University of Chicago Press. http://archive.org/details/in.ernet.dli.2015.275359
Newman, N., Ross Arguedas, A., Robertson, C. T., Nielsen, R. K. eta Fletcher, R. (2025). Reuters Insitute Digital News Report 2025. Reuters Institute for the Study of Journalism. https://doi.org/10.60625/RISJ-8QQF-JT36
Pariser, E. (2011). The Filter Bubble: What the Internet Is Hiding From You. Penguin Press.
Srnicek, N. (2016). Platform Capitalism. Wiley.
Srnicek, N. (2018). Capitalismo de plataformas (A. Giacometti, Itzul.). Caja Negra Editora.
Varoufakis, Y. (2023). Technofeudalism: What Killed Capitalism. The Bodley Head.
Williams, J. (2018). Stand out of Our Light: Freedom and Resistance in the Attention Economy (1. arg.). Cambridge University Press. https://doi.org/10.1017/9781108453004
Williams, J. (2021). Clics contra la humanidad: libertad y resistencia en la era de la distracción tecnológica. Gatopardo.
Zuboff, S. (2019). The Age of Surveillance Capitalism: The Fight for a Human Future at the New Frontier of Power. PublicAffairs.
Zuboff, S. (2020). La era del capitalismo de la vigilancia: la lucha por un futuro humano frente a las nuevas fronteras del poder. Paidós.