Burujabetza teknologikoa, ikuspegi kritikoa eta gaitasun digitala

Hezkuntzan Librezale Topaketetako 2. saioa: “Burujabetza teknologikorako hezkuntza irudikatzen”

2020ko ekainean ospatutako Hezkuntzan Librezale Topaketak

Atzo, Dabid Martinez eta Alex Gabilondorekin batera eta Nora Salbotxek gidatuta, Hezkuntzan Librezale Topaketetako bigarren saioan parte hartu nuen, eta aukera aprobetxatuko dut bertan esandakoak prestatzeko erabilitako oharrak blogerako argitalpen honetan ere jasotzeko.

Hemen atzoko saioa:

Lehen saioko grabaketa ere ikusgai dago:

Zelan bizi izan du konfinamendua hezkuntza komunitateak

Lehenik eta behin, burujabetza teknologikoa irudikatzen hasi ahal izateko aldez aurretiko baldintza bat ikusten dut: teknologia kutxa beltz gisa interpretatu eta ulertzearena. Kutxa beltza zientziako hainbat alorretan erabiltzen den kontzeptua da, barne funtzionamendua ezezaguna egiten zaigun edozein gailu, objektu edo sistema adierazteko; guk input bat eman, eta kutxa beltzak output bat bueltatzen digu. Ez dugu oso ondo ezagutzen, ez ulertzen, barruan zer gertatzen den, nola aldatzen den guk emandako inputa output bihurtzeko.

Lehen saioan aipatu zen nola informatika ikastea pasa den Microsoft Windows eta Office ikastea izatetik, Google ikastea izatera. Kutxa beltzaren ideiarin jarraituz, aldaketak ez du esfortzu handirik eskatu: bi kutxek (Microsoftek eta Googlek) pareko emaitzak ematen dizkigute, eta beraz erraza gertatzen zaigu bat erabiltzetik bestea erabiltzera pasatzea.

Esan liteke batetik bestera pasatzean tresna digitalen erabilera erraztu egin zaigula, baina aldi berean honek menpekotasuna areagotu egin du neurri berdinean. Kutxa beltz aldaezin/ukiezin hauetarako bidea ez da IKTen alorrean bakarrik gertatu: mugikorrei dagokienez, adibidez, zaila da gaur egun bateria norberak aldatzeko aukera duen gailuren bat aurkitzea. Baita kotxeetan ere. Aitonak erakutsi zidan lija papera eramaten, bateriaren borneak noizean behin horrekin garbitu behar omen zirelako; gaur egungo kotxe hain elektroniko batean, ez litzaidake burutik pasa ere egingo halakorik saiatzea — zalantza daukat egiterik izango ote nukeen ere.

Tresnak errazagotzen joan dira, beraz: intuitiboak izan da asko erabili izan den hitz bat, kasik euren burua irakasten dutela adierazi nahi izateko edo. Prozesu horretan, bada, ahazten joan gara esku artean ditugun tresnak hor daudenik ere. Kutxa beltza gardena bihurtu da: ez kutxa bera bakarrik, barruan daraman mekanismoa ere bai. Erabat ikustezina. Input bat eman eta outputa espero dugu emaitza “naturala” balitz bezala kasik, eta teknologiarekin ditugun hartu-emanak “naturan gertatuak” balira bezala ulertzen hasiak gara: sugarra ikutzen badut erre egingo naiz; Android mugikorra erabiltzen badut Googlek gordetzen ditu egiten ditudan nondik norakoak, eta nahi badut mapan ikus ditzaket.

Erabiltzen dugun hizkuntzak ere areagotu egiten du “naturalizatze” hau: “Gmail bat bidaliko dizut” esaten dugunean, “email bat” beharrean; edo “Googlen bilatu”, “bilatzaile batean” beharrean, edo “Worden egin”, “testu prozesatzaile batean” beharrean, edo “Windowsen” “sistema eragilean” beharrean… Barneratzen dugu (eta hedatzen dugu) modu bat eta bakarra dagoela gauzak egiteko, eta horrela Gmailek markatzen du posta elektronikoaren estandarra, edo Excelek markatzen du kalkulu orriena, eta abar.

Nire ustez hau da, hain zuzen, teknologia enpresa handien lorpenik handienetakoa, beste aukerarik egon daitekeenik ere ez baitugu irudikatzen. Ikuspegi honek ulertaratzen du, adibidez, guraso batzuek euren seme-alabei Google konturik sortzerik nahi ez dutela adieraztean, horrek sortzen duen harridura (irakasleengan, edo beste gurasoengan). Zergatik pasako litzaioke norbaiti burutik halako zerbaiti uko egitea?

Arrazoiak badira, eta ez pisu gutxikoak gainera. Kutxa beltz ikustezin horien barruan dauden mekanismoak, algoritmoak, zein output jasoko dugun moldatu eta itxuratzen dutenak, ez dira “naturan aurkituak”; ez dira neutralak. Kasurik onenean, partzialak/alderdikoiak dira eta sortu dituztenen aurreritziak errepikatzen dituzte (ikerketa ugarik adierazi dute1 irudi ezagupenerako algoritmoek, adibidez, arrazismoa hedatu izan dutela2, edo lana bilatzeko tresnek, sexismoa3). Txarrenera, gure jokamoldea manipulatzeko diseinatzen dira zuzenean (Cambridge Analytica/Facebook/Donald Trump aferak4 irudikatzen duen bezala).

2020ko apirilaren 3an, Google Vision Cloud zerbitzuak emaitza erabat desberdinak ematen zituen irudiari gainetik geruza bat gehitu ondoren. Iturria: Kaiser-Bril (2020)

Alde batetik, tresna digitalen ikustesintasun horrek gaitasun digitalak lantzea asko mugatzen du. Ezin ditugu erabiltzen ditugun tresnak barrutik ikusi, desmontatu eta berriro eraiki (ikasketa prozesurako hain aberasgarria dena). Horregatik uste dut Googlena bezalako ekosistema itxi hauek lagundu baino, mugatu egiten dutela ikasleen gaitasun digitalaren lanketa. Gizarte digitalizatu batean autonomiaz eta arduratsu moldatzeko gai izango badira, ezinbestekoa izango dute gaitasun hau.

Baina beste alde batetik, eta batez ere, ikuspegi kritikoa galarzten du erabat, kritiko zerekin izan behar dugun ere ez baitugu sumatzen, ez baitugu beste egiteko modurik ikudikatzen.

Hau guztia oso kezkagarria iruditzen zait irakasle eta ikertzaile naizen aldetik, baina are kezkagarriago, guraso eta hiritar naizen aldetik.

Espero dut topaketetan izan dugun elkarrizketa gogoetarako abiapuntu izan dadila.


  1. James Zou eta Londa Schiebinger (2018). AI can be sexist and racist — it’s time to make it fair. Nature 559, 324-326. doi: 10.1038/d41586-018-05707-8 ^
  2. Nicolas Kayser-Bril (2020). Google apologizes after its Vision AI produced racist results, Algorithm Watch ^
  3. Rachel Kraus (2018). Amazon used AI to promote diversity. Too bad it’s plagued with gender bias, Mashable ^
  4. Paul Lewis eta Paul Hilder (2018). Leaked: Cambridge Analytica’s blueprint for Trump victory, The Guardian ^
Avatar
Miren Berasategi

Periodismo y comunicación de datos, alfabetización numérica, competencia digital.