Dirua aurrezten laguntzeko Web 2.0 aplikazioak

Eduki hau Irutxuloko Hitzarako Res Binaria blogean argitaratu zen bere garaian.

Asko hitz egiten da Web 2.0ari eta hark dakarzkien onura guztiei buruz, baina hauek lausoak eta urrunekoak gerta daitezke askorentzat.

Badira, hala ere, Web 2.0 delakoaren ondorioz sortutako zenbait aplikazio gure eguneroko bizitza era nabarian erraztu edo/eta hobetu dezaketenak. Gaur, dirua aurrezten laguntzeko erabil daitezkeen bi.

DoctorSIMek zure mugikorraren kontsumoa aztertu eta, telefono-operadoreen eskaintza guztiekin alderatuta, fakturan nola aurreztu adierazten du. Zuk zeuk aplikazioaren eskura jarritako azken fakturetan oinarrituta, aplikazioak nolabaiteko jarraibideak bilatzen ditu zure kontsumoan gero, bonoak, deskontuak eta operadoreen planak aztertuta ahalik eta gehien aurreztu dezazun.

Egun operadora guztiek eskaintzen dute azkeneko fakturak PDF formatuan deskargatzeko aukera; horiekin nahikoa da aplikazioa martxan jartzeko. Egun bateko epean, gutxi gora behera, faktura merkeago bat nola jaso adieraziko dizu, bai operadora berean gelditzen bazara edo bai operadoraz aldatzea erabakiko bazenu. Momentuz, DoctorSIMek doan eskaintzen du oinarrizko zerbitzu hau, nahiz eta ordainduta funtzio aurreratuagoak ere erabil daitezkeen.

Funtzionamendu guzti hau webgunean bertan eskaintzen den tourrean ikus daiteke xehetasun gehiagorekin, eta izena eman eta datuak eman aurretik demo bat ere erabilgarri dago, aplikazioa nola dabilen norbere begiekin ikusi ahal izateko.

Ekarpen zabalagoa egiten da zentzu honetan Moneytrackin’ webgunean. Kasu honetan diru sarrera eta irteerak modu errazean kudeatzeko aukera ematen du aplikazioak. Kontu ezberdinak sor daitezke mugimendu hauentzat, eta aplikazioak berak grafikak eta balantzeak aurkezten ditu, hilabeteka. Mugimenduak puntualak zein aldizkakoak izan daitezke, gainera.

Mugimendu bakoitzari etiketak jartzeko aukera dago. Horrela, diru mugimenduak sailkatzeaz gain, etiketa horien arabera beste erabiltzaileek jarritako aholkuak jasoko dituzu. Sailkapen honek alor bakoitzean egiten diren gastu edo sarrerak modu errazean ikus daiteke.

Aplikazio honek ere ematen du izena eman aurretik bere funtzionamendua ikusteko aukera. Eskaintzen duen azpiegiturarekin, norbere datuak eguneratuta mantendu baino ez dago, ekonomiaren kudeaketa era ezin errazagoan eramateko.

Bi aplikazio hauen erabilera Web 2.0aren munduan sartzen hasteko aukera ezinhobea dira, eguneroko bizitzan onura zehatzak eskuratuz gainera. Anima zaitezte, eta kontatu zuen esperientziak!

Datuen kazetaritza eta komunikazioa, alfabetatze numerikoa, gaitasun digitala.

Zerikusia duten beste argitalpen batzuk

Mastodon Mastodon