Hezkuntzan Librezaleren agerraldia Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean

DD software libreko plataformari buruz iritzia emateko

Lehenik eta behin, eskerrik asko Hezkuntza batzorde honetara gonbidatzeagatik, DD Hezkuntzaren Digitalizazio Demokratikorako plataforma digitalari buruzko iritzia emateko. Aurreko agerraldiak interes handiz jarraitu ditugu eta eskertu nahi dugu baita ere gaia mahaigaineratu eta esperientzia bere zabalean zuzeneko ahotsez ezagutzeko aukera. Gure hitz hartze honetan Hezkuntzan Librezale taldearen ikuspegia azalduko dugu, taldera batzen diren guraso zein irakasleen ardura, motibazio eta bizipenak barne hartuz, ahal dugun neurrian aurrekoek esandakoak gehiegi errepikatu gabe.

Lehenik ere jaso dugu gonbidapena eta izanak gara batzorde honen aurrean, hezkuntza akordioaren eraketa prozesuan digitalizazioari buruzko gure ikuspegia aurkezten. Horregatik, nor garen ezaguna izango da zuetako gehienontzat, baina esandako gure ikuspegia azaltzeko garrantzitsu jotzen dugu taldearen izaera, labur bada ere, azaltzea.

Hezkuntzan Librezale Euskal Herriko hainbat guraso, irakasle eta eragilek 2017an sortutako talde irekia da, enpresa pribatu erraldoiek gure eskoletako digitalizazio prozesuetan daukaten presentzia gero eta handiagoak kezkatuta. Gaur egun, Euskal Herri osoko, sare publiko eta kontzertatuko 500 pertsona inguruk osatzen dugu talde hau, bi plataformatan banatutako mezularitza kanal bateratuan, eta euskara hutsean (komunikazio jardunak ere hala egiten ditugu; erakarpen gaitasuna hizkuntzak nolabait mugatua). DD bezalako plataforma baten inguruko gure iritzia, beraz, taldearen sorrerako zioan bertan, eta kide berriak erakartzen dituen motibazioan, agerian geratzen da: gure jatorrizko kezka horri irtenbidea ematen dion soluzioa da.

Ikuskatzen dugun digitalizazio eredua azaltzen izanak gara aurretik, hasieran aipatu bezala, batzorde honen aurrean, eta Legebiltzarraren %90ak bezala, prozesu horren emaitza izan den hezkuntza itunaren testuak “Eraldaketa eta inklusiorako digitalizazioa” atalean jasotzen dituen balore eta printzipioekin bat gatoz.

(Ez da behar testuaren hitzak gogoraraztea, baina pantailan ditugu zehazki zertaz ari garen argitze aldera)

Digitalizazioak hezkuntzari aukera askotarikoak eskaintzen dizkio, betiere ikaslearen ahalduntzearekin zuzenean lotuak.

Euskal Hezkuntza Sistemak digitalizazio etiko, arduratsu, euskaldun eta eraginkorra bermatuko du. Eta epe luzerako begiradarekin diseinatu behar da gure hezkuntza-sistemak bere burua eraldatu dezan, bai eta digitalizazio arloan ere. Hau guztiau, ikasleen eskubide digitalak eta pribatutasuna errespetatuz eta bitarteko teknologiko auditagarri, berrerabilgarri, libre eta gardenak erabiliz egingo da.

Euskal hezkuntzaren eraldaketarako oinarrien akordioa. Legebiltzarreko aldizkari ofiziala, 83 zk. 2022.04.01

Eta balore eta printzipio hauek errespetatzeko modu bakarra software librearen bitartez da. Enpresa pribatuen produktu komertzialak ez dira auditagarriak, ez berrerabilgarriak, ez libreak, ez gardenak, definizioz. DD bezalako plataforma bat da hezkuntza itunean digitalizazioarentzat jasotako printzipio eta baloreak gorpuzteko bidea.

Neurri horretan, gure aurretik hemen egon direnen arrazoiketarekin bat egiten dugu. Cecilia Bayo andereak aipatzen zituen kezkak guk ere bizi ditugu:

  • lehenik, gure haurren datuak korporazio teknologiko erraldoien esku jartzen ari gara gaur egun, horrek suposatzen duen pribatutasunerako arrisku eta balio galerarekin, Pedro Arreitunandia jaunak oso garbi mahaigaineratu zuen bezala;
  • bestetik, ikasleak plataforma bakarrean ohitzen dira, Simona Levi andereak aipatutako monolaborantzan. Interneteko eta webeko erabilera batzuk marka komertzialekin asimilatzen dituzte/ditugu (Excel bat, Meet bat, Gmail bat).
    • Google eskolan erabiltzearen aldeko argudio bat izan ohi da ikasleek eskolatik kanpo aurkituko dutenerako prestatzea komeni dela: hori ez da Google! Edozein euskal unibertsitatetan ikasiko duten ikasleek Moodle aurkituko dute, ez Classroom; lan munduan, edukiekin lan egiteaz haratago, interneten eta webaren sistemak moldatu eta sortzen arituko direnek software libreko aplikazioak aurkituko dituzte, hala nola, Wordpress, Apache, python, Ansible, Docker… erabiltzen dituzten soluzioak ikertu, desarmatu eta berriro muntatu, barrutik begiratzeko aukera behar dute.
    • Harritzen gaitu gu ere, Bayo anderea harritzen zen bezalaxe, eskola edo Hezkuntza Saila izatea, hain zuzen, soluzio pribatu hauek proposatu eta sustatzen dituena; eta ikasleen datuak enpresa pribatu hauei eskura ematen dizkiena;
  • eta azkenik, interneten edo eremu digitalaren ikuspegi mugatua eskaintzen diegu ikasleei, digitalizazio eredu bakarra darabilten enpresa bakarraren edo biren zerbitzuen gatibu.

Gure inguruan, hala ere, badugu Kataluniako kasuarekin diferentzia nabarmen bat. Bayo andereak aipatzen zuen eskolatik Googleren zerbitzuak erabiltzeko baimen eskaera jaso zutenean hasi zirela gaiaren inguruan hausnartzen: hemen, aldiz, kasu gehienetan ez zaigu baimenik sinatzeko eskatzen. Gure taldean luzatutako galderak jasotako erantzunen arabera, ia 2/3k ez dute sekula baimena sinatzeko eskaerarik jaso; eta horien erdiek, guztira heren batek inguru, ez du bere seme-alabek eskolan Google erabiltzen duenaren inguruko informaziorik jaso. Noski datu hauek ez dira estatistikoki adierazgarriak, baina bai iruditzen zaigu esanguratsua.

Honek kezka gehigarria sortzen digu: kontzientzia falta handiagoa dugu, kasu gehienetan ez baitugu izaten galderak egitea eta hausnartzea eragin dezakeen baimen-eskaera hori.

Dena den, eta Bayo eta Levi andereek aipatutu bezala kontzientzia piztea oso garrantzitsu jotzen badugu ere, ezin da kontzientzia hori ezeren aurrebaldintza gisa exijitu. Norberak bere giza eskubideen kontzientzia izatea hauek bermatzeko aurrebaldintza ez den bezalaxe, giza eskubide digitalak ere giza eskubideak dira, eskubideon subjektu denak haien kontzientzia izan ala ez. Familiek, ikasleek, irakasleek, egunero erabiltzen dituzten tresnek funtzionatzea nahi dute, galdera guzti hauek eta hausnarketa konplexu hauek egin behar izanik gabe; baina administrazioak, teknologia eta digitalizazio eredu bat eskaintzeko ardura duen neurrian, giza eskubide digitalak diseinuz eta lehenetsita (“por diseño y por defecto”) errespetatuko direla bermatzeko betebeharra du. DD bezalako software librean oinarritutako plataformek hau ahalbidetzen dute.

Dena den, kontzientzia piztuta dugun familiok era honetako galderak eta kezkak adierazten ditugunean gure eskoletan, orokorrean jasotzen dugun erantzuna epela izaten da. Eta korporazio teknologiko pribatu handien zerbitzuak erabiltzea baimentzen dugunean ere, familion adostasuna mugatua da (“consentimiento limitado”), ezin baitugu egiaz baimen hori ukatu, ikaslea lan dinamikatatik baztertzea suposatuko luke eta.

Baina zentroek hautu teknologikoa egiteko duten autonomia ere ez da egiazkoa. Eskuartean izaten dituzten aukerak asimetria handiarekin aurkezten dira: alde batetik, produktu eta zerbitzuetan eta hauen merkaturatzean inbertsio handiak egiten dituzten enpresa pribatuen produktu eta zerbitzuak (bat ala bestea), eta bestetik…? Autonomia hori, aukera aniztasuna, errealak izan daitezen, alternatibak ere erreala izan behar du: trebakuntza eta laguntza aukera eta azpiegitura berdina, sustapen baliokidea, eta guzti hauetarako administrazioaren konpromezu parekagarria gutxienez.

Aukera aniztasun erreala egoteak berak ere kontzientzia hartzea sustatzen duela uste dugu. Hezkuntza legearen akordioaren harira digitalizazioaren gaia, besteren artean, sarriago agertu da eztabaida publikoan. Guk geuk elkarrizketa bat eman edo prentsan agertu garen bakoitzean kide berri oldea sumatu dugu Hezkuntzan Librezale taldean. Gaiaz gehiago hitz egiten den neurrian, software librearen, digitalizazio arduratsuaren eta pribatutasunaren babesaren eskea areagotu egiten da. DD bezalako plataforma batek eskari honi erantzuten dio.

Hala eta guztiz ere, eta orain arte software librearentzat mesedegarri ez den egoera deskribatu dugun arren, inguruan baditugu software libreko tresnak erabiltzen dituzten norbanako eta hezkuntza erakundeak. Hezkuntza eremutik haratago software librearen aldeko boluntario lana ugaria da gurean. Librezale, software librea eta euskara ardatz dituen talde irekiak, adibidez, ekarpen nabarmena egiten du software libreko hainbat aplikazioren euskararazko itzulpenak kudeatu eta koordinatzen. Aurrekoan galdetu zen batzorde honetan DD katalanez eta gazteleraz egonik, euskaraz erabiltzeko zailtasun handiegirik ez zela egongo. Izatez, DDk bateratzen dituen aplikazio gehienak, boluntario askoren lanari esker, badaude euskaraz dagoeneko: Nextcloud, %96,5; Moodle, %100; Wordpress, %92; Etherpad, %100; BigBlueButton, %100.

Esan bezala, badira aplikazio horiek beraien egunerokoan erabiltzen dituztenak gurean, Arreitunandia jaunak aurrekoan zehaztasun handiz agerian utzi zuenez. Irakasle askok LibreOffice erabili eta proposatzen diete ikasleei; edo Gimp eta Inkscape erabiltzen dituzte edizio grafikoa irakasteko; edo Firefox erabiltzen dute; edo Moodle instalazioak prestatu eta partekatzen dituzte lankideekin, ikasleen ikasketa prozesua burutu eta kudeatzeko. Horrelakoetan, norbere ekimenez eta energia, gaitasuna, ardura eta lan karga norbere bizkar hartuta izaten da, kasu guztietan. Inplikazio maila hau borondatezkoa da, ardura bai baina egiteko gaitasunik ez dugun familia, irakasle edo ikastetxeek (ezagutza faltagatik, dagokigun paperagatik, baliabide eskasiagatik) ezin dugu noski horrelakorik exijitu. Hezkuntza akordioan adostutako printzipioak (“bitarteko teknologiko auditagarri, berrerabilgarri, libre eta gardenak” erabiltzea) software librearen bitartez bakarrik bete daitezkeela kontuan hartuta, ez da ulergarria gutxieneko eskakizun hauek betetzea ekimen indibidualen kargu egotea.

Halako norbanakoen bizkar aurrera eramandako ekimenaren berri emango digu Iñigo Gebarak jarraian.

[Iñigo Gebararen azalpenak]

Amaitzeko, eta DD gurean abiatzea irmoki defendatzeaz gain, beharrezko ere ikusten dugunez, orain artekoak argi utzi duenez gure ustetan, nabarmendu nahi genuke DD proiektu piloto bat dela bai, baina ez esperimentu bat. Arreitunandia jaunaren hitzetan, DDk proposatzen duen puzzlearen pieza ugari erabiltzen dira dagoeneko gurean naturaltasun osoz, eta DDk horiek erosoago erabiltzeko markoa eskaintzen du, ahal dela administrazio publikoak bideratuta.

Gurpila berrasmatu beharrik gabe; Bartzelonako proiektuak egin dituen eta egiten ari den ikasketak baliatuz, auzolanean; ekonomia zirkularraren bitartez tokiko enpresa-ehuna indartuz; diruaren xahutzea inbertsio bihurtuz; bitartekoen garapena eta norabidea geure kargu hartuz, hezkuntza sistemaren oraingo eta etorkizuneko beharretara egokituz; digitalaren ikuspegi anitz eta holistikoa sustatuz eta garatuz; gaitasun aurreratudun ikasle ahaldunduak heziz; hezkuntza komunitateko kideen giza eskubide digitalen errespetuaren bitartez hauek ezagutzera eman eta indartuz, norbere giza eskubide digitalen kontziente izatea baita besteenak ere errespetatzeko berme bakarra.

Datuen kazetaritza eta komunikazioa, alfabetatze numerikoa, gaitasun digitala.

Zerikusia duten beste argitalpen batzuk

Mastodon Mastodon