Zettelkasten — Jakintsu alemaniar baten produktibitate sinesgaitza

Luhmannek 70 liburu eta 400 artikulu akademiko baino gehiago idatzi zituen Zettelkasten izenarekin ezagutzen den apunteak hartzeko sistemari esker

Autoreak eskainitako irudia. Patrick Tomassok Unsplashen argitaratutako argazkian oinarruta.

David B. Clear itzulpena: Miren Berasategi Zeberio

Testu hau ingelesez [en], alemanieraz [de] eta gazteleraz [es] idatzitakoaren itzulpena da eta egilearen baimenarekin argitaratzen da hemen.

Luhmann izugarri emankorra izan zen.

Ikerketan eman zituen ia 40 urteetan zehar, 70 liburu eta 400 artikulu akademiko baino gehiago argitaratu zituen askotariko gaien gainean, soziologia beste gai anitzekin uztartuz, hala nola biologia, matematika, zibernetika eta informatikarekin. Hori zazpi liburu dira lau urtero bere lanurte guztietan zehar, artikulu akademiko ugariaz gain. Eta ez pentsa bere liburuak zentzurik gabeko lardaskeriak direnik. Luhmann XX. mendeko soziologo garrantzitsuenetarikoa (pdf) bihurtu zuten klasikoak dira.

Emankortasun hau are harrigarriagoa da kontuan hartzen badugu zein neurritaraino zen Luhmann eskola zaharrekoa. Hil baino pixka bat leheneago, Wolfgang Hagenekin egindako irrati elkarrizketa batean, ordenagailurik erabiltzen ez zuela jakinarazi zuen, eta bere idazketa guztia boligrafoa eta papera edo bi hatzekin erabiltzen zuen idazteko makina baten bitartez egiten zuela.

Horrenbeste argitalpen idazteko nola egiten zuen galdetzen ziotenean, Luhmannek honakoa erantzun ohi zuen: “Ez dut guztia neure kabuz pentsatzen. Nire lanaren zati handi bat Zettelkastenaren barruan gertatzen da. Nire emankortasuna Zettelkasten metodoari esker azaltzen da hein handi batean” (jatorrian alemanieraz).

Horrelako adierazpenen ondorioz, Luhmannen Zettelkastenak izaera mitikoa lortu zuen, eta ikerketa proiektu propioaren objektu izaterainoko garrantzia eman izan zaio. Baina Luhmannek ez zuen sekula bere metodoa ezkutuan gorde eta egiazki ulertzeko nahiko erraza da. Eta hori albiste ona da! Esan nahi baitu bere metodoa erabil dezakegula Luhmann intelektual bikaina egin zuten onurak geuk ere eskuratzeko:

  • hobeto ikasi,
  • hobeto pentsatu,
  • gehiago argitaratu eta
  • sormen handiagoa izan.

Beraz, fikzioa ez den idazketan aritzen bazara edo edonolako ezagutzaren inguruko langilea bazara, Zettelkasten izenarekin ezagutzen den apunteak hartzeko metodoa ezagutu behar zenuke.

Zer da Zettelkasten bat?

Luhmannek modu desberdinetan deskribatu izan zuen bere metodoa. Batzutan elkarrizketa kide esaten zion, eta bestetan bigarren memoria, sistema zibernetikoa, hausnarkari gisa deskribatzen zuen, ala hobi septiko moduan.

Hausnarkaria? Hobi septikoa? Zer demontreri buruz ari da?

Has gaitezen “Zettelkasten” hitzetik. Hitz teutoniko hau bi osagaitan bana daiteke: “Zettel”, oharra edo paperezko orrialdea esan nahi duena, eta “Kasten”, kutxa esan nahi duena. Beraz, Zettelkasten bat oharrez betetako kutxa bat besterik ez da. Itxura hau zeukan:

Autoreak eskeinitako irudia (CC-BY-SA 4.0)

Etsigarria neurri batean, ezta?

Altzari bat? Hori izan al zen Luhmann horren emankor egin zuena?

Tira, ez hori, zehazki. Neandertal bati arkatz bat eman eta honek galdetuko balu bezala: “Hau al da dena? Egurrezko makiltxo hau al da espazioan eta denboran zehar beste gizakiekin komunikatu eta gauzak betirako gogoratzea ahalbidetzen dizuna?”.

Ikusiko duzun bezala, Zettelkasten bat altzari bat dela esatea idazketaren oinarria makiltxo bat dela bezain zentzugabea da. Baina Luhmannen metodora salto egin aurretik, ikus ditzagun lehenengo apunteak hartzeko beste sistema batzuen eragozpenak.

Zergatik apunteak hartzeko beste sistemak motz geratzen diren

Ni bezalakoa bazara, era guztietako oharrak hartzeko metodoak probatu dituzu dagoeneko.

  • Paperezko koadernotan idatzi duzu,
  • liburuen eta paperezko testuen ertzetan idatzi duzu,
  • mugikorreko eta webeko aplikazioak erabili dituzu,
  • testu prozesadore edo editore bat erabiliz hartu dituzu apunteak, eta fitxategiak zentzuzko karpeta egitura batean antolatzen saiatu zara,
  • mapa mentalak zein kontzeptualak, analogiko eta digitalak, marraztu dituzu,
  • eskemak erabili dituzu, eta
  • post-itetan edo paper zati soltez osatutako kaosaren azpian lurperatu izan duzu zure mahaia.

Sistema guzti hauen arazoa da ez dutela benetan laguntzen ideien arteko loturak aurkitzen. Horren ordez, ideiak kutxa itxietan blokeatzen dituzte ahaztu arte, ohe azpian, lainoan edo zure ordenagailuko karpeta batean.

Irudikatu duela hiru urte zientziari buruzko liburu ospetsu bat irakurri zenuela, duela urtebete finantza pertsonalen inguruko bat, eta oraintxe produktiboagoa izateari buruzko blog bat irakurri berri duzula. Iturri horietako bakoitzak ideia batzuk jasotzen ditu, eta ideia horiek nolabait lotuta egon daitezke. Gainera, ideia burutsu bat izan zenuen duela sei hilabete, agia zerikusia izan zezakeena. Baina ezin duzu ideia horien artean loturatik ikusi. Zergatik? Seguruena apunterik hartu ez zenuelako. Eta hartu izan bazenitu ere, harremanik ikusi ezinik jarraituko zenuke.

Zure oharrak paperezko koadernotan idatzi izan bazenitu, ordena kronologiko zorrotzean finkatuak izango zenituzke. Ideiak orrialdetan daude itsatsita, hormigoia bota izan bazenu bezala. 17. orrialdearen amaieran dagoen ideia bat eta 89. orrialdearen goikaldean dagoen beste ideia baten artean loturarik baldin badago, ez duzu konexio hori ikusiko. Arazoa bera da apunteak liburuen edo paperezko materialen marjinetan idatzi badituzu.

Ohar digitalak hartzeko modu ohikoenak ere ez dira askoz hobeak. Evernote bezalako tresnak informazio zabortegi huts bihurtzen dira azkar bildumagilearen falaziaren tranpan erortzen zaren unean: informazioa biltzeko joera besterik gabe, harekin ezer erabilgarririk egin gabe. Apunteak ordenagailuko fitxategi eta karpetatan jasotzen badituzu, berriz, laster ahaztuta bukatuko dute, hauts digitala pilatzen. Eta oharrak ahazten ez badituzu ere, ez zaizkizu oso erabilgarriak egingo, ez baitaude ideien arteko loturak erraz ikusteko moduan antolatuta.

Mapa mentalak eta kontzeptualei dagokienez, berriz, ari gara benetako irtenbide batera hurbiltzen. Tresna hauek ideien arteko harremanak ikustarazteko modu egokia ahalbidetzen dute. Arazoa da, dena den, hamarnaka gutxi batzutatik gorako ideia multzoekin ez direla hain erabilgarriak. Zalantzarik gabe, ez zenituzke 90.000 ideia kontzeptu mapa bakarrean jarri eta horien guztien arteko loturak zehaztuko 40 urtetan zehar. Bada hori da, zehazki, Luhmannek bere Zettelkastenarekin egin zuena!

Zerk egin zuen berezia Luhmannen ikuspegia?

Luhmannek bere apunteak koadernotan hartu izan balitu, itxura hau izango zuketeen:

Autoreak eskeinitako irudia (CC-BY-SA 4.0)

Oharrak egitura zurrun baten parte bilakatuko lirateke, eta ezinezkoa izango litzateke inolaz ere berrantolatzea.

Bestalde, inolako egiturarik gabeko fitxa edo papertxoetan jaso izan balitu, antolatu gabe, honako itxura izango zuketeen:

Autoreak eskeinitako irudia (CC-BY-SA 4.0)

Oharrak libre izango lirateke, bainoa ezinezkoa izango litzateke euren arteko inongo harremanik ikustea.

Luhmannen antzeko altzari antolatzaileak erabiltzen zituztenek egiten zutena egin zezakeen, eta apunteak paperezko txarteletan hartu, gero kategorien araberako kajoi edo karpeta berezitan gordetzeko. Emaitza hau izango litzateke:

Autoreak eskeinitako irudia (CC-BY-SA 4.0)

Honek nolabaiteko antolakuntza ematen du, eta itxura txukuna du.

Ikuspuntu honetan, dena den, karpeta bakoitza silo edo zulo banandu baten gisara eratzen da, nahiz eta errealitatean ideiak nekez banandu daitezkeen kategoriatan horren modu garbian, eta hau da bere arazo nagusia. Adibidez, konplexutasunaren ideia biologian, fisikan, matematikan, gizarte zientzietan, teknologietan, eta nork daki beste zenbait esparrutan aurki daiteke. Beraz, zein karpetatan sartu beharko zenuke konplexutasunaren kontzeptuari buruzko ohar bat?

Karpetatan oinarritutako lan egiteko moduaren bigarren arazo bat da zaila egiten duela karpeta desberdinetan jasotako ideien arteko loturak marraztea. Ohar bakoitza karpeta berean dauden besteekin erlazionatuta dago garbi, baina apunte bat beste karpetatan gordetako hainbat apunteekin lotuta ere egon daiteke. Adibidez, 1 karpetak eduki ditzakeen ideia batzuk 2 karpetan eta 3 karpetan dauden zenbait oharrekin erlazionatuta egon daitezke. Karpeta egitura batekin ezin dituzu harreman eta lotura hauek atzeman.

Honek hurrengo ikuspegira garamatza, karpeten ordez etiketak erabiltzean oinarritzen dena:

Autoreak eskeinitako irudia (CC-BY-SA 4.0)

Hau karpetak baino askoz ere hobea da, orain kategoriak ez baitira bateraezinak edo elkar-ukatzaileak. Apunte batek etiketa bat baino gehiago izan ditzake eta ikuspuntu ezberdin askotatik begira diezaiokezu zure bildumari, hautatzen duzun etiketaren arabera.

Etiketak egun ohikoak bilakatu dira eta oharrak hartzeko aplikazio askok erabiltzen dituzte. Baina ez duzu luxuzko aplikaziorik behar etiketak erabiltzeko. Luhmannek ezagutzen zituen eta baita bere paperezko Zettelkastenean erabili ere.

Etiketen abantailak direnak direla, Luhmann ez zuten asetzen etiketek bakarrik. Mugatzaileegiak iruditzen zitzaizkion oraindik ere.

Milaka ohar artxibatu eta prestutasunez etiketatu dituen edonork baieztatu dezakeen moduan, etiketen bitartez bakarrik ez da erraza ikustea oharrak euren artean nola erlazionatzen diren. Izan ere, etiketa bakoitzeko milaka ohar edukz gero, zure apunte bilduma inolako antolakuntzarik ez balu bezain nahasia gerta daiteke. Etiketa bakoitzak mordo handi eta nahasi bat bildu besterik ez du egiten.

Luhmann, beraz, pauso bat haratago joan zen. Etiketatan bakarrik oinarritu beharrean, bere oharrak estekatu ere egin zituen. Emaitzak itxura hau dauka:

Autoreak eskeinitako irudia (CC-BY-SA 4.0)

Apunteak, eta beraz ideiak, ez daude bata bestearekin taldekatuta bakarrik, baizik eta haien arteko loturak esplizituki adierazita ere badaude. Honela abantaila handiak dakartzan ideien sare bat osatzen da.

Pentsa. Internet — edo World Wide Web, zehatzago esateko — ideien sare bat da baita ere. Esteka batean klik egiten duzunean, hau bezalako batean hain zuzen, orrialde honetatik (oraintxe irakurtzen ari zaren honetatik) Wikipediaren orrialde nagusira garraiatua izango zara. Handik beste edozein estekatan klik egin dezakezu, eta horrela web orrialde batetik bestera mugitzen joango zara, hau da, webean nabigatzen.

Orain irudikatu weba, sare bat izan ordez, munduko web orrialde guztiak jasotzen dituen karpeta handi bat izango balitz, euren arteko inolako estekarik gabe. Wikipediako orrialde guztiak, blogetako bidalketa guztiak, Mediumen argitaratutako eduki guztiak, egunkarietako webguneetako artikulu guztiak, Youtubeko bideo guztiak, finean weba osatzen duten milioika web orrialdeak pila erraldoi batean karpeta baten barruan. Sekula ez zenioke aurkituko zentzurik.

Orain irudikatu berriz norbaitek proposatuko balu nahasmen horrentzako irtenbidea etiketak erabiltzea litzatekeela. Ideia zentzugabea irudituko litzaizuke, barre eragiteko modukoa. Nola? Karpeta honetako milioika orrialdeak antolatu behar ditudala, zer eta etiketak erabiliz? Milioi bat etiketa? Absurdoa!

Ez, informazio multzo erraldoi bat antolatu eta bertatik zentzuzko zerbait lortu ahal izateko modua sare bat, web bat erabiltzea da. Horregatik munduko web orriak, zure burmuineko neuronak bezalaxe, sare baten gisara antolatuta daude. Eta horregatik antolatu beharko zenituzke zure bizitzan zehar erregistratu eta gorde nahi dituzun ideia interesgarri guztiak web ohar gisa baita ere.

Zettelkastenaren abantaila ikaragarria

Zettelkasten metodoa erabiliz, zure oharrak ideia sare zabalago bati josita dauden entitate bihurtzen dira. Are eta apunte gehiago gehitzeak sistema hobetu egiten du, hondatu beharrean. Berriro ere, zure burmuinaren antzekoa da. Inork ez luke iradokiko neurona gehiago edukitzeak inozoago egingo zaituenik. Berdina gertatzen da Zettelkastenarekin. Ohar gehiago izateak ideia gehiago, lotura gehiago esan nahi du, eta zenbat eta ideia eta lotura gehiago eduki, orduan eta “adimendunago” izango da zure Zettelkastena, eta orduan eta zoliagoa zure idazketa.

Zettelkastena adimendunago bihurtzen dela ez da esamolde poetiko soila. Luhmannek oso literalki erabiltzen zuen.

Utzidazu azaltzen.

Claude Shannon informazioaren teoriaren sortzaileak, komunikazioa ikertu zuen eta bi entitate elkarren artean komunikatzen direnean elkarbanatutako informazio kopurua neurtzeko modua behar zuen. Aurkitu zuen neurriari ustekabe izena ematen zaio (informazio kantitatea ala Shannon informazioa izenekin ere ezagutzen da). Shannon ohartu zen mezu batean zenbat informazio jasotzen den, mezu horren ezustekotasunaren araberakoa dela.

Itxoin, zer? Zenbat eta ustekabeago, orduan eta informazio gehiago? Hori da, zehazki.

Pentsa ahate bati galdera bat egiten diozula eta “kuak” erantzuten dizula. Orduan beste galdera bat egin, eta berriro “kuak” erantzuten dizu. Behin eta berriro egiten dizkiozu galderak, eta ahate inozo horrek karranka erantzuten jarraitzen du. Azkar ohartuko zinateke ez zaretela ari komunikatzen. Ez dago inoiz ustekaberik. Ahatea ez da ari inolako informaziorik jakinarazten. Karranka ari da, besterik ez. Ez da elkarrizketa kide argi bat.

Orain alderatu hori Zettelksten heldu batekin, ehundaka eta ehundaka ideia dituena. Baduzu galdera bat eta galdera hori buruan daukazula murgiltzen zara zure Zettelkastenenan, ideia batetik bestera mugituz bertan aurkitutako estekak jarraitzen dituzula. Horrenbeste ideia dituenez, hainbat urteetan zehar biltzen joan zarenak, haietarko asko ahaztu egin dituzu dagoeneko. Zettelkastena duela urte batzuk gehitu zenituen eta gogoratzen ez dituzun ideiaz leher egin beharrean dago. Beraz, buruan galdera bat duzula arakatzen duzunean, Zettelkastenak ezusteko moduetan emango dizkizu erantzunak. Zentzu honetan, Zettelkastena ahate bat baino argiagoa da eta horregatik deskribatu zuen Luhmannek elkarrizketa kide gisa.

Noski, onura hauek probesteko, Zettelkastenak heldutasun maila batera iritsi beharra du. Hasieran ohar gutxi batzuk baino ez ditu izango, eta ez dira ezustekoak izango zuretzat berriki gehitu dituzu eta. Denborak aurrera egin ahala, dena den, zure Zettelkastena aprendiz izatetik goitik beherako idazketarako lankide bihurtuko da. Bitartean, zure apunteen gordailu gisa koaderno soil bat edo aplikazio dotore bat bezain ona izango da, gutxienez. Izan ere, Zettelkastena apunteak hartzeko sistema hobea izango da lehen egunetik seguruenik, metodoak beste abantaila batzuk baditu eta.

Hobeto ikasiko duzu

Irakurtzeak ez du zure jakintza areagotzen magikoki. Testu batek zure begi-globoetan zehar igaro eta epe motzeko memoria bisitatu izanagatik, ez du esan nahi harengandik ezer ikasi duzunik. Izan ere, egiten ari zaren bakarra irakurtzea bada — eta entretenitzeko ez den beste edozein helbururekin egiten baduzu — orduan denbora galtzen ari zara. Zure epe motzeko memoriatik pasa dena ahaztua izango da azkenean eta alferrikakoa da epe luzerako. Urteen buruan, liburu edo artikulu hori sekula irakurri ez bazenu bezala izango da.

Beraz ezagutza areagotzeko irakurtzen baduzu, hartu apunteak. Eta apunteak hartzera bazoaz, erabili Zettelkasten bat.

Zettelkasten bat ez da bakarrik biltegi segurua izango denboran zehar pilatzen duzun jakintzarentzat. Oharrak sortu eta hauen arteko loturak eta estekak sortzera behartzen zaitu, eta horretan, Zettelkasten batek irakurritako materialaren ulermena hobetzen lagunduko dizu. Annie Piolat, Thierry Olive eta Ronald T. Kellogg ikerlariek dioten moduan (pdf):

Ikerketa [ugarik] iradokitzen dute apunteak hartzeko ia edozein estrategia ez-linealek (zirriboro edo eskemak zein matrize egiturak, adibidez) onura gehiago dituzte ikasketa emaitzetan informazioa modu linealean jasotzeak baino, eta grafikoek edo kontzeptu mapek bereziki sustatzen dute informazioaren hautaketa eta egituraketa. Ondorioz, informazioa gogoratzea eraginkorragoa da estrategia ez-linealak erabiliz.

Ulertu duzu? Informazioa modu linealean jasotzea, koaderno batean egiten den bezala, kaxkarra da. Apunteak modu ez-linealean hartzea, bereziki grafiko eta kontzeptu mapak erabiliz, demasa da. Eta zer da, bada, Zettelkasten bat, grafiko edo kontzeptu mapa erraldoi bat ez bada?

Hobeto jarriko duzu arreta ari zaren horretan

Honako hau esperientzia pertsonaletik abiatuta. Zettelkasten metodoa erabiliz ohartu nintzen askoz ere hobeto jartzen nuela arreta irakurtzen ari nintzen horretan. Metodo honek irakurketa misio bat bilakatzen duelako izan daitekeela uste dut. Ez naiz ari irakurtzen, besterik gabe. Ideiak ehizatu, testuetatik erauzi eta apunte gisa nire Zettelkastenari jaten emateko gurutzada batean nago. Helburu argi eta garbia dut: nire Zettelkastena elikatu. Ez naiz ari irakurtzen argiagoa bilakatzeko asmo lauso batekin. Helburu argia edukitzeak askoz ere dibertigarriagoa egiten du irakurketa eta badirudi azkar batean bukatzen dudala emari (edo flow) egoeran.

Frustrazio gutxiago izango duzu

Zettelkasten metodoak testu konplexuen irakurketak hain frustragarriak ez izatea eragiten du. Ez zara testu osoa ulertu nahian ari nahitaez. Zure Zettelkastenari gehitzeko ideien ehizan ari zara, besterik ez. Zeini axola dio guzti guztia ulertzen ez baduzu? Ideia batzuk erauzten dituzun artean, zure jakintza-basea areagotzen ari zara eta beraz testua erabilgarria izaten ari da zuretzat.

Denbora gutxiago galduko duzu

Zettelkasten metodoarekin, ikertzea ez da inoiz denbora galtzea. Informazio jakin bat zure Zettelkastenean artxibatzeak merezi ote duen ala ez erabakitzeak ez zaitu kezkatuko. Interesgarria baldin bada, gehitu, nahiz eta unean lantzen ari zaren proiekturako baliagarri izango ote den zalantzan jarri.

Gogoratu, Zettelkasten bat zure bizitza osorako ezagutza biltegiratzeko da. Informazio jakin bat oraintxe erabilgarri suertatzen ez bada ere, baliteke esanguratsu bilakatzea uneren batean. Inoiz ez zara ari denbora galtzen ideia eta lotura gehiago gehitzean. Zettelkasten bat hobetzen eta hobetzen doa zenbat eta ideia gehiago bildu.

Hobeto pentsatuko duzu

Don Normanek bere Things that make us smart: Defending human attributes in the age of the machine liburuan dioen bezala, “laguntzarik gabeko buruaren ahalmena gehiegi balioetsia dago oso. Kanpo laguntzari gabe, memoria, hausnarketa eta arrazoitzea mugatuta daude guztiak. […] Gaitasun kognitiboak areagotuko dituzten kanpo laguntzak antolatzetik datoz benetako ahalmenak”.

Luhmannek, bere Zettelkasten metodoaren bitartez, zehazki hauetako kanpo laguntza batekin topo egin zuela dirudi. Bere Zettelkastenak ez zuen bakarrik bere memoria lagundu atzera kontsulta zitzakeen ideia bilduma gisa, baizik eta bere pentsatzeko modua hobetu ere egin zuen. Horregatik esan zuen “[Zettelkasten] apunteak gabe, hau da, pentsatuz bakarrik, ez zitzaidan horrelako ideiarik bururatuko. Noski nire burua beharrezkoa dela gogoetak idazteko, baina ez da berea merezimendu guztia” (jatorrizkoa alemanieraz).

Iruditzen zait Zettelkastenaren ahalmena pentsatzeko lagungarri gisa hiru faktore nagusiren bitartez azaldu daitekeela.

Lehenik eta behin, Zettelkasten metodoa erabiltzeak idaztera behartzen zaitu. Zehazki, metodoari jarraiki, zure hitzak erabiliz hartu behar dituzu apunteak, etorkizunean ulertuko dituzula bermatzeko. Eta idatziz edozer egin duen edonork dakien bezala, gauzak idazteak ideia lausoak pentsamendu argiago bihurtzera behartzen zaitu.

Bigarrenik, ohar berri bat gehitzen duzun bakoitzean, Zettelkazten metodoak estekatu ditzakezun beste oharrak bilatzera behartzen zaitu. Honek zure pentsaera zabaltzen du, ideia berriak urretik aurkitu dituzun beste ideiekin zein harreman duten pentsatu arazten dizun heinean.

Hirugarren, Zettelkasten batek pentsamendu hari bat biltegiratu dezake. Pentsamendu hari bat ideia segida bat baino ez da, eta Zettelkastena ideiak estekatzean oinarritzen da hain zuzen. Beraz, pentsamendu hari bat bururatu dakizuke gaur, zure Zettelkastenean biltegiratu elkarren artean estekatutako ohar segida gisa, eta orduan, etorkizuneko edozein unetan, pentsamendu hari hori jarrai dezakezu apunte berriak gehitu eta aurrekoekin estekatuz.

Produktiboagoa izango zara

Zettelkasten metodoak informazioa arakatu, ezagutza egituratu eta pentsaera garatzeko modu sistematikoa eskaintzen dizu. Azken finean ideia berriak sortuaz amaitzen den prozesu bat ematen dizu, jarrai dezazun. Honek bi abantaila ditu.

Lehenengoa, jarrai dezakezun prozesu bat izateak egiteko baten aurrean nola jokatu automatizatzeko aukera ematen du, jarraian zer egin behar zenukeen gehieg pentsatu beharrik gabe. Honek eraginkorragoa egiten zaitu eta, beraz, produktiboagoa.

Bigarren, saiakerazko edozein idazleren produktibitate neurririk esanguratsuenetakoa ideia berrien kopurua da. Ideia berriak sortzeko modu sistematikoa izaki, Zettelkasten metodoak zuzenean eragiten dio benetan balio duen emaitzari: idazteko dituzun ideia berrien kopuruari, hain zuzen.

Sortzaileagoa izango zara

Zettelkasten bat iraganean izan zenuen edozein ideiaren eta unean edo etorkizunean erregistratuko duzun edozein ideiaren arteko loturak aurkitzeko diseinatua dago. Honek sormen lanetarako izugarrizko tresna bihurtzen du Zettelkasten bat. Azken batean, sormena ideiak elkarren artean lotzea besterik ez da. Ideia berri guztiak lehenagoko ideiatan oinarrituta daude. Piano bat gehi idazketa idazmakina bat da, telefonoa gehi inprimagailua fax makina bat, fitxategi eta karpetadun bulegoko mahaiaren ideia gehi telebistako pantaila eta ordenagailu bat, egungo ordenagailuen mahaigaineko interfaze grafikoa. Ideia berri oro remix bat da, eta Zettelkasten baten helburu esplizitua ideien arteko remixak egitea da.

Zettelkasten printzipioak

Zettelkasten bat aparteko tresna da zure jakintza biltegiratu eta egituratu, zure memoria hedatu, ideien arteko lotura berriak sortu eta idatzizko emaitza areagotzeko. Dena den, Zettelkasten bati ahalik eta etekin gehiena ateratzeko, zenbait printzipio nagusi jarraitu beharko zenituzke.

  1. Atomikotasunaren printzipioa: Hitza Christian Tietzek sortua da. Ohar bakoitzak ideia bakarra eduki behar duela esan nahi du. Honek posible egiten du ideiak oso modu zehatzean lotzea euren artean.
  2. Autonomiaren printzipioa: Ohar bakoitzak autonomoa izan behar luke, hau da, bere kabuz ulertua izateko behar duen guztia jaso behar du. Honek posible egiten du apunteak independenteki tokiz aldatu, prozesatu, banandu eta kateatu daitezkeela, euren bizilagunengandiko menpekotasunik gabe. Jatorrizko informazio iturria desagertuko balitz ere apunteak erabilgarri izaten jarraituko duela ere bermatzen du.
  3. Beti estekatu zure apunteak: Ohar bat gehitzen duzun bakoitzean, ziurtatu aldez aurretik dagoen beste oharrekin estekatzen duzula. Ekidin beste oharrengandik isolatuta dauden oharrak. Luhmann berak zioen bezala, “ohar bakoitzari sistemako loturen arteko sareak ematen dio kalitatea. Sareari lotuta ez dagoen ohar bat galdu egingo da Zettelkastenean, ahaztua izango da” (jatorrizkoa alemanieraz).
  4. Azaldu zergatik ari zaren apunteak estekatzen: Bi ohar esteka bidez lotzen dituzun bakoitzean, ziurtatu labur azaltzen duzula zergatik egiten ari zaren lotura hori. Bestela, urteak pasa ahala oharrak berrikusten dituzunean, baliteke zerk lotzen dituen ez ulertzea.
  5. Zure hitzak erabili: Ez kopiatu eta itsatsi. Ideia interesgarri batekin topo egin eta zure Zettelkastenera gehitu nahi baduzu, ideia hori zure hitzekin azaldu behar duzu, urteak pasa ahala ulertuko duzula ziur egoteko moduan. Ez bihurtu zure Zettelkastena kopiatu-eta-itsatsitako informazio zabortegi bat.
  6. Erreferentziak gorde: Beti gehitu erreferentziak zure apunteetan ideia bat nondik hartu zenuen jakin dezazun. Honek plagioa ekiditen laguntzen du eta jatorrizko iturria berriro arakatzeko aukera ematen dizu aurrerago.
  7. Zure gogoeta propioak gehitu Zettelkastenean: Zure gogoeta propioak baldin badituzu, gehitu itzazu Zettelkastenera ohar gisa atomikotasunaren, autonomiaren eta estekatzearen printzipioak gogoan izanik.
  8. Ez arduratu egituragatik: Ez arduratu oharrak karpeta txukunetan ala aurrez erabakitako kategoriatan jartzeaz. Schmidtek esan zuen moduan, Zettelkasten batean “ez dago pribilegiozko kokapenik” eta “ez dago goi edo beherik”. Antolakuntza organikoki garatzen da.
  9. Erabili lotura-oharrak: Itxuraz zerikusirik ez duten oharren artean loturak ikusten hasten zaren neurrian, erabili lotura-oharrak, hau da, ohar ezberdinak elkarren artean lotu eta hauen arteko loturak azaltzeko helburu zehatza duten oharrak.
  10. Erabili eskema-oharrak: Ideiak gaien inguruan bat egiten hasten direnean, erabili eskema-oharrak. Eskema-ohar bat beste oharretarako esteka segida bat duen oharra besterik ez da, ohar horiek ordena jakin batean ezarriz istorio bat, narrazio bat ala argudio bat eratuz.
  11. Inoiz ez ezabatu: Ez ezabatu ohar zaharrak. Aldiz, estekatu zaharraren arazoa zein den azaltzen duten ohar berriak. Horrela, Zettelkastenak zure pentsaera denboran zehar nola garatu den jasoko du, atzera-begiratzearen aurreritzia saihestuz aldi berean. Gainera, ezer ezabatzen ez baduzu, azkenean baliozkoak iruditu dakizkizukeen ideia zaharrak berraztertu ditzakezu.
  12. Gehitu oharrak beldurrik gabe: Sekula ez duzu informazio gehiegi izango zure Zettelkastenean. Okerrenera, berehala erabilgarriak izango ez diren oharrak izango dituzu. Baina ohar gehiago gehitzeak ez du inoiz zure Zettelkastena apurtuko ala bere funtzionamendu egokia oztopatuko. Gogoratu, Luhmannek 90.000 ohar zituen bere Zettelkastenean!

Nola gauzatu Zettelkasten bat

Honaino iritsi bazara, agian benetan desiatzen zaude zure Zettelkastena abiarazteko. Hala bada, badut albiste on bat. Oraintxe has zaitezke. Ez duzu software garestirik erosi behar ezta, are gutxiago, egurrezko tiraderaz osatutako altzaritzar bat ere, Luhmannek zeukanaren modukoa.

Paperean oinarritutako irtenbidea

Gauzak betiko moduan egin eta paperean oinarritutako sistema bat erabili nahi baduzu, behar duzun guztia zapata kutxa bat edo bestelako edozein edukiontzi eta kartulinazko fitxak edo neurri egokian moztutako papera besterik ez duzu behar. Gero irakurtzen edo pentsatzen hasi, eta erregistratu nahi duzun ideiaren batekin topo egiten duzunean, idatzi bakoitza fitxa bereizi batean. Fitxaren izkina batean, gehitu identifikatzaile bakar bat. Luhmannek sinple egin zuen hau eta fitxak zenbakitu egiten zituen, besterik gabe. Zuk ere horrela egin nahi baduzu, orduan zure lehen fitxak 1 zenbakia izango luke, bigarrenak 2 zenbakia…

Autoreak eskeinitako irudia (CC-BY-SA 4.0)

Aurrerago fitxa sorta berri bat gehitu nahiko bazenu 1 zenbakidun eta 2 zenbakidun fitxen artean, kokatu fitxa berriak tartean eta 1/1, 1/2, 1/3 erako identifikatzaileak erabili:

Autoreak eskeinitako irudia (CC-BY-SA 4.0)

Horrela, barra etzanak gehituz, fitxa gehiago sortu ditzakezu sortu berrien tartean. Adibidez, 1/1 zenbakidun eta 1/2 zenbakidun fitxen artekoak 1/1/1, 1/1/2, 1/1/3… identifikatzaileak izango lituzkete:

Autoreak eskeinitako irudia (CC-BY-SA 4.0)

Orain, bi fitxen artean estekak sortzeko, identifikatzaileak erabil ditzakezu. Adibidez, 1/1 fitxatik esteka bat sortu nahi baduzu 1 fitxara, idatzi 1 zenbakia 1/1 fitxan nonbait, besterik gabe. Antzera, 23 fitxatik 2 fitxara esteka bat sortu nahi baduzu, idatzi 2 nonbait 23 fitxan. Horrela eginez gero, nahi duzun moduan esteka ditzakezu zure fitxak:

Autoreak eskeinitako irudia (CC-BY-SA 4.0)

Zure fitxei etiketak gehitu nahi badizkiezu, idatzi fitxetan besterik gabe:

Autoreak eskeinitako irudia (CC-BY-SA 4.0)

Eta etiketa jakin bat darabilten fitxak errazago aurkitze aldera, sortu beste fitxa bat erabili dituzun etiketa guztiak biltzen dituena, eta jarraian etiketa bakoitza darabilten fitxen identifikatzaile zerrendarekin:

Autoreak eskeinitako irudia (CC-BY-SA 4.0)

Hori da guztia! Paperezko fitxak soilik erabiliz egindako Zettelkasten sistema sinple bat da aurkeztutakoa. Luhmannek egiten zuena oinarrian hauxe zen, nahiz eta berak sistema alfanumeriko bat erabiltzen zuen fitxak identifikatzeko, zenbaki eta hizkien konbinazioa errazago egiten baitzitzaion lanerako. Jakinmina baldin baduzu, bere fitxak gainbegiratu ditzakezu hemen (baina kontuan izan fitxak alemanieraz daudela, hori baitzen berak zerabilen hizkuntza).

Irtenbide digitalak

Sistema digital bat erabiltzea nahiago baduzu, hainbat aukera dituzu. Roam Research, Obsidian, Zettlr, Evernote, 1Writer, iA Writer, edo zettelkasten.de webgunean jasotako beste edozein aplikazio erabil dezakezu. Erabil ditzakezun beste aukera batzuk izan daitezke wiki pertsonal bat, vim, Emacs edo Sublime bezalako testu editoreetarako gehigarriak erabiltzea, ala elementu digital eta analogikoen konbinazio bat apunteak paperean hartu eta gero eskaneatuz, adibidez.

Zettelkasten batek bizitza osorako behar lukeenez, iraunkorra izango den aukera bat lehenetsiko nuke zalantzarik gabe, eta hornitzaile edo enpresa batek giltzapetuko ez duena. Pertsonalki testu soilean oinarritutako irtenbide bat aukeratu dut.

Nire Zettelkastena Dropboxeko karpeta bat da. Honek aukera ematen dit ordenagailutik, mugikorretik edo edozein nabigatzaileren bitartez sarbidea izateko nire Zettelkastenera. Ohar bakoitza karpeta horretako testu fitxategi bereizi edo solte bat da. Ez dago azpi karpetarik. Guztia egitura lau batean jasotzen dut.

Ohar berri bat sortzen dudan bakoitzean, testu fitxategi berri bat sortzen dut, denbora-marka eta izenburuak osatutako izenarekin, zettelkasten.de-ko Christianek gomendatzen duen moduan. Adibidez, oraintxe apirilaren 13a da eta ordua 11:34. Beraz, “Zettelkasten izugarria da” izenburudun ohar bat sortu beharko banu, 202104131134-Zettelkasten-izugarria-da.txt izena duen testu fitxategi berri bat bihurtuko litzateke.

Gero oharraren edukia idazten dut markdown eta wiki estiloko parentesi bikoitzeko estekak konbinatuz. Beraz 202104131134-Zettelkasten-izugarria-da.txt fitxategiak eduki hau izan lezake:

# 202104131134 Zettelkasten izugarria da 
#apunteak #idazketa #produktibitatea

Zettelkasten apunteak hartzeko sistema sekulako apunteak hartzeko sistemarik onena da. 

## Estekak  
- [[202104121031-Zettelkasten-printzipioak]]  
- [[202104110814-Niklas-Luhmann-biografia-laburra]]

Lehen lerroan oharraren izenburua dago, bigarrenean hiru etiketatako zerrenda bat, gero idatzi dudan ideia dago, eta azkeneko bi lerroak bi fitxategitarako estekak dira: 202104121031-Zettelkasten-printzipioak eta 202104110814-Niklas-Luhmann-biografia-laburra. Fitxategia testu soila denez, edozein testu editorerekin zabaldu eta editatu daiteke kasik edozein ordenagailu, mugikor edo tabletetan. Honek denboran iraunkorra eta aplikazioekiko menpekotasunik gabea egiten du. Baina markdown eta wiki estiloko parentesi bikoitzeko estekak erabiltzeko gaitasuna duen testu editore txukun bat baldin badaukazu, formatu txukunarekin ere ikus dezakezu zure oharra. Adibidez, iPaderako 1Writer erabilita, apunteak itxura hau du:

Autoreak egindako pantaila argazkia

Esteka urdinak ukituz dagokion fitxategia zabaltzen da. Honek Zettelkastenean zehar nabigatzea oso erosoa egiten du. Dena den, beste edozein testu editore erabil nezake berdin berdin, markdown eta wiki estiloko estekak erabiltzeko gaitasuna duena edo baita aukera hau ez emanda ere. Azken kasu honetan parentesi bikoitzen arteko testua hautatu, ireki nahi dudan fitxategiaren izena kopiatu eta erabiltzen ari naizen edozein tresnatan itsatsiko nuke, fitxategi hori zabaltzeko.

Laburbilduz

Luhmannen Zettelkastena apunteak hartzeko beste sistemekiko ezberdina da. Hurrengo idazketa proiekturako laguntza huts gisa pentsatua egon beharrean, metodoa pentsatzen, idazten eta argitaratzen emandako bizialdi batekin laguntzeko diseinatua dago. Behar dituzun adina oharrei ostatu emateko diseinatua dago, kudeatu ezinezko nahaspila bihurtu gabe. Eta bere xede nagusia itxuraz harremanik ez duten ideien arteko loturak aurkitzea da.

Honegatik guztiagatik, Luhmannek uko egin zion bere ideiak modu linealean edo kategoria finkoetan antolatzeari. Aldiz, organikoki hazten den ideia sare baten gisara antolatu zituen bere apunteak.

Metodoa erabiltzen duzun heinean, liburuetara, koadernoetara, webguneetara, egunkarietara eta bestelako iturrietara itsatsita dauden ideiekin topo egingo duzu. Zettelkasten metodoarekin zure egitekoa da ideia horiek euren iturrietatik askatu eta zure errepositorio zentralean — zure Zettelkastenean — biziko den ohar bihurtzea, bertan beste oharrei estekatuta egongo direlarik. Funtsean, ideia moten arteko mugarik eta ideia zahar eta berrien arteko mugarik gabeko ideia bilduma bat sortzen ari zara. Ideia bakoitza oso erraz elkartu eta nahasiko da beste edozeinekin ideia berriak sorrarazteko. Honek garbi bereizten du koadernotan, karpetatan edo etiketatan oinarritutako beste edozein apunteak hartzeko metodorengandik.

Aurkitzen dituzun ideiak gogoratzeak arduratzen bazaitu, ideiak bata bestearekin erlazionatzeak arduratzen bazaitu, eta zeure ideia propioak edukitzeak arduratzen bazaitu, emaiozu aukera bat Zettelkasten metodoari. Ideia kopuru handiak kudeatzeko diseinatua dago espresuki eta idazle oparoa egin zuen Luhmann.


David B. Clear idazlea, zientzia zaletua, eszeptikoa eta doktorea da. Idazten duena jarrai dezakezu bere buletinera harpidetuta.

Testua © David B. Clear. All rights reserved

Datuen kazetaritza eta komunikazioa, alfabetatze numerikoa, gaitasun digitala.

Mastodon Mastodon